Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak 910.000 euro bideratuko ditu emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko proiektuak egiteko 2024ko ekitaldiko aurrekontuaren kargura. Dirulaguntza eskuratu ahal izateko, erakunde eskatzaileak foru-dekretuaren 21., 28., 35. eta/edo 42. artikuluetan ezarritako baldintzak bete beharko ditu, aurkezten den dirulaguntza-modalitatearen arabera.

Testuak dirulaguntzen lau modalitate arautzen ditu: emakumeen elkarteak indartzeko dirulaguntzak (II. kapitulua: 80.000 €); emakumeen elkarteentzako dirulaguntzak, emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko proiektuak egiteko (III. kapitulua: 252.000 €); irabazi-asmorik gabeko erakundeentzako dirulaguntzak, emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko proiektuak egiteko (IV. kapitulua: 378.000 €), eta emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzea helburutzat duten proiektu eraldatzaileetarako dirulaguntzak (V. kapitulua: 200.000 €).

Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru-diputatuaren foru-agindu baten bitartez emango dira dirulaguntzak, lehia-konkurrentziaren araubidearen arabera: kasuan-kasuan dagokion artikuluetan ezartzen diren irizpideen arabera baloraziorik altuena lortzen duten eskabideei emango zaie dirulaguntza, baina kontuan hartuta kasu bakoitzean aurrekontuko partidan izendatutako zenbatekoa dela muga.

Behin ezarritako prozeduraren arabera onetsirik dirulaguntzak, eta prozeduraren ebazpena jakinarazten denetik gutxienez 10 eguneko epea igarota, emandako dirulaguntzaren zenbatekoaren % 100 izapidetuko da.