Santurtziko Udalak Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira antolatutako programazioa iragarri du. Martxoaren 8an, ostiralarekin, ekitaldi nagusia egingo da herriko parkean. Euria bada Gernika parkean egingo da. Ekitaldi horretan Emakumeen Nazioarteko Egunaren adierazpena irakurri ez ezik, ahalduntze gelako antzerki-tailerrean aritu diren emakumeek performance bat egingo dute. Eta urtero legez, hezkuntza-zentroek ere lekua izango dute ekitaldian, idazki bat irakurriz. Emakumearen eguna baino lehen, zenbait ekintza interesgarri egingo dira. Egun horietan herrian izango ditugun ekitaldi horien bitartez, berdintasunaren aldeko borrokaren garrantzia azpimarratu nahi da. Azken batean, emakumeak gizartearen alor guztietan ahalduntzea du helburu.

Honakoak: Martxoaren 2an, larunbatarekin, Kabiezeseko Kakul elkarteak ospakizun berezia antolatu du. Kontzertuak, umeentzako berbena, xake-partidak… eta abar eskainiko ditu. Martxoaren 4an, astelehenarekin, “PornoXplotación” dokumentala emango da Kresala aretoan 18:30ean, eta filmaren ostean, Mabel Lozano dokumentalaren zuzendariarekin solasteko aukera egongo da. Martxoaren 6an, ordu berean “En Tránsito” dokumentala egongo da ikusgai Mamariga Kulturgunean, Latinoamerikatik Europara lan bila datozen emakumeei buruzko lana. Bestalde, emakumeentzako kirol-maratoia egingo da, xake- eta pilota-klubaren eskutik, eta horrez gain, korrikalarien saio bat eta urpekaritza-bataioa emakumeentzat (desgaitasuna duten emakumeentzat egokitua). Ekintza horiek kirol-munduan emakumeen rolari ikusgarritasuna emateko asmoz egingo dira. Denak izango dira egun berean, martxoaren 10ean hain zuzen.. Gainera, martxo osoan antzerki- eta zine-emanaldiak egongo dira, hala nola clown-ikuskizun bat edo Nevenka antzerki-lana.  

“Ikusten denez, arlo eta adin guztietan eragiteko programazioa da aurtengoa. Bera osatzeko hezkuntza-kolektiboarekin ez ezik, herriko hainbat elkarterekin ere aritu gara lankidetzan. Gainera, udal gisa, mugimendu feministak eta emakumeen elkarteek emakumeen egunaren harira antolatu dituzten ekintzak babestuko ditugu” adierazi du Ixone Andreu Gizarte Ekintzako zinegotziak. “Herritarrak ekintza horietan eta herriko kolektiboek egiten dituzten gainerako ekintzetan parte hartzera animatu nahi ditugu. Martxoaren 8a aldarrikapen-eguna da, eta egun horretan bereziki berdintasunaren alde egin behar dugu elkarrekin” amaitu du esanez Andreuk.

“Santurtziko bizilagun moreak” sarea Gizarte Ekintzak  

“Santurtziko bizilagun moreak” sarea jarri du martxan, nahi duen orok feminismorako eta indarkeria matxistaren aurkako borrokan modu aktiboan eragin dezan. Horretarako, 12 orduko prestakuntza-ikastaroa emango da, zenbait saiotan. Lehenengoa apirilaren 15ean izango da eta azkena maiatzaren 20an. Sarea 20 lagunentzat da (gehienez 2 lagun elkarte, erakunde edo talde bakoitzeko), Santurtzin erroldatutakoak eta 14 urtetik gorakoak; gainera, saioetara bertaratu beharra egongo da, gutxienez orduen % 75 bete behar dira eta.

Kontzientziazio-kanpaina merkatarientzat 

Programatutako ekintzez gain, baina Emakumeen Nazioarteko Egunaren esparruan, Santurtziko Udaleko Merkataritzarako Bulego Teknikoak “Saltoki txikiak, Emakume handiak” kanpaina jarri du abian, dendetako karteletan eta erakundearen sare sozialetan ikusgai egongo dena. Nabarmentzekoa da bai karteletan (500 bat banatuko dira), eta bai bideoan Santurtzin negozioen jabeak diren 16 emakume agertuko direla, “enpresen lema daramaten emakume guztien lagin txikia baino ez”. “Kanpaina honen bitartez, euren negozioetan ekintzaile aritu diren emakume handi horiek nabarmendu nahi izan ditugu. Prestakuntzan etenik egiten ez dutenak eta egunero-egunero borrokan 6 ari direnak bezeroei ahalik eta zerbitzurik onena eman eta herriko ekonomia sustatzeko. Euren lanaz, sorkuntzaz eta ahaleginaz udalerriaren egituraketa sozialaren alde ari dira etengabe. Emakume handi horiek, enpresak gidatzen dituztenek zein bertan lanean ari direnek, den-denek merezi dute gure aitortza” adierazi du Edorta Rodrigo ekonomia sustatzeko zinegotziak.