Sestaoko Udalak Emakumeak Ahalduntzeko eta Prestakuntza Feministarako Eskolaren ikastaro berria aurkeztu du. Berdintasuneko zinegotzi Flori Núñezek gogorarazi duenez, Emakumeak Ahalduntzeko eta Prestakuntza Feministarako Eskola "Sestaoko emakumeentzako topagune bat da, praktika eta teoria feministetan murgiltzen gaituena; elkarrekin partekatu, hausnartu eta elkarrengadik ikasteko aukera ematen diguna; eta, gainera, geure burua banaka zein taldeka zaintzeko denbora eskaintzen diguna".

Emakumeak Ahalduntzeko eta Prestakuntza Feministarako Eskola Sestaoko Udalaren IV. Berdintasun Planean jasotako ekimena da. 2019an sortu zen, eta, harrezkero, berdintasunaren arloko programazioaren barruan finkatzea lortu du. Izan ere, emakumeen artean izandako arrakasta handiaren, eta ikastaro eta tailer horietan parte hartzeko erakutsitako interesaren erakusgarri da Udalak eskaintzen dituen plaza guztiak betetzea.

Ikasturte honetarako, Eskolak zortzi tailer eskainiko ditu, lau goizez eta beste lau arratsaldez. Goizez lau tailer hauek egingo dira: "Elikadura kontzientea", "Artearekin sentitzea", "Antzerki-tailerra" eta "Berriz ere barre egiten ikasi". Arratsaldez, berriz, tailer hauek egingo dira: "Buztin polimerikoa", "Erremintekin zoratuta", "Arnasketa tresna feminista gisa" eta "Eutsi. Yoga eta Ahalduntzea ".

"Ikasturte berri honetan landuko ditugun gaiak askotarikoak dira, eta tailerrek elikadura, ongizate emozionala, brikolaje pixka bat, sorkuntza... jorratuko dituzte. Sestaoko emakumeek beraiek helarazi dizkiguten proposamenei erantzun nahi izan diegu gai horiekin ", adierazi du zinegotziak.

Ikasturte honetako berrikuntzen artean, Eskolak Euskaltegiko instalazioak erabiliko ditu eskainitako ikastaroetako batzuk egiteko. Gainerakoak Vicente Uribe Enpresa Haztegian, Musika Eskolan eta Gaztelekun egingo dira. Izena emateko epea otsailaren 22tik martxoaren 6ra arte egongo da zabalik.