Markina eta Etxebarria lotuko dituen saihesbide berria eraikitzeko lanak aurrera doaz. Proiektuaren barruan, ia kilometro bateko luzera izango duen bide bat eraikiko da. Bide horren diseinuak 335 metroko tunela eta lubaki erako pasabideak izango ditu, erabiltzaile guztientzako ibilbide segurua eta erosoa bermatzeko. Aurreikuspenen arabera, 25.687.629 euroko inbertsioa (BEZa barne) eta 28 hilabeteko egikaritze-epea izango dituen azpiegitura berri honek 2026ko lehen hiruhilekoan jarri ahal izango da zerbitzuan.

BI-633 eta BI-2636 errepideak lotuko dituen saihesbide berria eraikitzeko lanak agerikoak dira jada, bai Markinan, bai Etxebarrin. Bizkaiko Ahaldun Nagusia Elixabete Etxanobek, eta Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatu Imanol Pradalesek bisitatu dituzte etorkizuneko azpiegitura eraikitzeko lanak, «dagoeneko abian den proiektu bat, beharrezkoa dena Markinako hirigunean izaten diren trafiko-arazoak konpontzeko, ibilgailu astunak Etxebarriko industrialdeetarantz igarotzean sortuak batez ere».

Saihesbideak egunero 2.611 ibilgailu (egungo trafikoaren % 50) hirigunetik ez igarotzea ekarriko duela. «Horren ondorioz, nabarmen hobetuko dira mugikortasuna, segurtasuna, ingurumena eta Markinako eta Etxebarriko bizilagunen ongizatea. Eta aukera paregabea da Markinaren hiri-berroneratzerako, udalerriari aisialdirako eta gozamenerako hiri-espazioa itzuliz», gaineratu du Pradalesek.

Proiektuaren egungo fasean, aurrerapen handiak egin dira Markinan; besteak beste, lurra prestatzea, lehengo egiturak eraistea, eta drainatzearen eta ukitutako zerbitzuen aurretiazko lanak egitea.

Proiektuak natura-ingurunea babesteko neurri garrantzitsuak ere jasotzen ditu. Hala, lanen plangintzak kontuan hartu du bisoi europarraren habitata babestu beharra, espezie mehatxatua baita. Era berean, lanek iraun bitartean bizilagunen eragozpenak minimizatzeko neurriak hartzen ari dira, hala nola tunela zulatzeko marruskagailua erabiltzea eta materialak hirigunean zehar garraiatzeko ordutegiak mugatzea.