Bizkaiko Foru Aldundiak "Burdinazko emakumeak" erakusketa aurkeztu du gaur Ortuellako udalerrian. Bizkaiko burdinaren meatzaritzaren historian emakumeek izan duten zeregin garrantzitsua aintzatesten duen erakusketa da. Erakusketak ikusgarritasuna ematen dio inolako dudarik gabe lurraldean aldaketa historiko baten protagonista izan ziren emakumeen funtsezko lanari. Ekitaldian Pilar Pérez-Fuentes egon da, Historian doktorea, erakusketaren muntaian kolaboratzailea eta "Burdinazko emakumeak: historia eta memoria - Mujeres de hierro: historia y memoria" liburuaren egilea.

Erakusketa Teresa Laespadak, ahaldun nagusiordeak eta Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna sustatzeko diputatuak, eta Saulo Nebredak, Ortuellako alkateak, inauguratu dute.

Izan ere, erakusketa liburu horrekin eta iazko martxoaren 16an Gallartako Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoan jarri zen oroimenezko plaka batekin osatzen da. Hain zuzen ere Museo honetan kokatuko da modu iraunkorrean gaur Ortuellan aurkeztutako erakusketa (Muskizen eta Trapagaranen ere egon dena). Burdinazko emakumeei omenaldia egiteko ekimena Batzar Nagusietako Podemos alderdiak proposatutako eta Bizkaiko Batzar Nagusiek aho batez adostutako aginduaren parte da.

Laespada diputatuak erakusketaren inaugurazioan adierazi duenez "emakumeak Bizkaiko aldaketa historiko eta ekonomikoaren protagonistak izan dira burdinaren meatzaritzan izan zuten zeregin garrantzitsuagatik; burdinak lurraldea eraldatu zuen, Ibaizabal itsasadarrean zehar industria bultzatuz, izan garen gizarte aberats eta oparoaren oinarriak jarri zituena".

"Badakigu emakumeak funtsezkoak izan zirela hazkunde bizkorreko hamarkada haietan, lan- eta bizi-baldintza penagarriak, langileen borroka epikoak eta industria-proiektu handiak gorabehera. Meatzaritzaren historian gizonen kontakizun bati egin behar diogu aurre, non ia ez dagoen emakumeen arrastorik", deitoratu du.

Laespadak zehaztu duenez, "Ortuellara ekarri dugun erakusketa honek gogorazten eta omentzen dituen burdinazko emakumeak meategietan lan egin zutenak izan ziren, noski, baina baita beste asko ere. Pertsonentzat baino ia gehiago animalientzat pentsatutako ustiapen ekonomikoaren ondorioz etxe kaskar eta txiroen iraupena euren bizkar gainetan jasan zuten emakumeak, eta haiekin zorretan gaude".

Era berean, Ortuellako alkateak, Saulo Nebredak, adierazi du "indarrak, gure meatzeak eta gure historiak, mineralari eta mendiari diogun begirunea, Meatzaldea eskualdeak, badute zerbait amankomunean. Denak femeninoz idazten dira. Guztiek berez ahalduntzearen kontzeptuetara itzultzen gaituzte, gaur egun omenaldi bikain eta ezinbesteko honetan inprimatuta ikusten ditugunak: kemena, borroka, lan nekaezina".

"Emakume horien kemena, bai etxe barruan bai etxetik kanpo, eta baita, noski, meategian ere, balio handiko herentzia da gure lurraldean, Meatzaldean, alegia. Auzokide guztiak gonbidatu nahi ditut protagonista hauen historia ezagutzera; oso ziur nago Ortuellan gustatuko zaiela, eta asko gainera", gaineratu du.

"Burdinazko emakumeak: historia eta memoria" proiektu honetarako aipatutako Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoaren laguntza izan da (argazki-artxiboak eta objektuak); halaber, AHOAren (ondare immaterialaren artxiboa; izan ere, erakusketak QR kodeak ere baditu, garai hartan bizi izan ziren azken pertsonei elkarrizketetako audioak entzuteko aukera ematen dutenak) lankidetzari esker antolatu da.