Bilboko Udalak eta Elhuyarrek martxan jarri dute “Erakusleihoak, otsailak 11 #O11Erakusleihoak” proiektua. Ekitaldiak harrera ona izan du eta udalerriko 87 saltokik bat egin dute proiektuarekin, hau da, 2023an baino zortzi saltoki gehiagok. Bestalde, otsailaren 9tik 14ra bitartean, Zabalguneko Eraikinaren atari nagusian “Emakumeak zientzialari eta teknologo” erakusketa doan bisitatzeko aukera egongo da, “Erakusleihoak, otsailak 11” proiektuan ikusgai jarriko diren irudietan oinarrituta.

Saltokiek beren erakusleihoak apainduko dituzte otsailaren 1etik 11ra bitartean, emakumeek zientziaren eta teknologiaren esparruan egindako lana ezagutzera emateko. 

Gainera, aurten, proiektua nabarmen dibertsifikatu da eta Bilboko zortzi barrutietako saltokietara iritsiko da: Deustu, Uribarri, Otxarkoaga/Txurdinaga, Begoña, Ibaiondo, Abando, Errekalde eta Basurtu/Zorrotza.

Horiek horrela, Bilbok bat egingo du otsailaren 11n ospatzen den Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunarekin. 

EMAKUME ZIENTZIALARI BAT ERAKUSLEIHO BAKOITZEAN

Hiriko saltoki bakoitzak zientzialari baten lanari eskainiko dio bere erakusleihoa. Horretarako, kasuan kasuko zientzialariak egindako lanari lotutako informazio-kartelak eta ilustrazioak jarriko dituzte, eta hark egindako ikerketan inspiratutako motiboekin apainduko dute dendaren erakusleihoa. Modu horretan, saltzaileak zientzialari horien lanaren eta bizitzaren dibulgatzaile bihurtuko dira, eta emakumeek zientziari egindako ekarpena herritarrei helarazten lagunduko dute.

Gainera, bigarren urtez, ginkana batean parte hartzeko aukera egongo da: parte hartzaileek Actionbound aplikazioa deskargatu eta dendaz dena joan beharko dute, hamabi emakume zientzialarien kartelak bilatzeko, ondoren, QR kodeak eskaneatu eta bertan agertzen diren galderak erantzun beharko dituzte. Iaz arrakasta handia izan zuen ginkanak herritarren eta ikastetxeen artean, horregatik aurten galderen zailtasun-maila aldatu da, parte-hartzaileen adinera egokitzeko.