Santurtziko Udalak antolatzen duen Santurtziko Erakusleihoen Lehiaketaren sariak banatu zaizkie saltoki irabazleei. Lehiaketa horren helburua udalerria girotzea da merkataritza arloan, eta asmo horrekin, saltokiek Gabonetan eder eta dotore janzten dituzte erakusleihoak. Edizio honetan, 25 urte bete dituen, parte-hartze handia egon da, guztira 49 saltokik hartu baitute parte, eta euren ahalegina saritzeko 3.150 bat euro banatu dira saritan.

Bestalde, epaimahaiak proposamen hoberenak aukeratu ditu zenbait irizpidetan oinarrituta, honakoetan hain zuzen: eszenaratzea, ikusgarritasuna, originaltasuna, mezuaren eraginkortasuna eta eragin komertziala.

Horrela, epaimahaiak hiru sari eman ditu:

  • Lehenengo saria, 800 eurokoa, Sohok irabazi du. Erakusleiho hori baten bidez Sarcoma Challenge-n parte hartzeko gonbita egiten da. Herritarrek oso begi onez hartu dute.
  • Bigarren saria, 600 eurokoa, Begoña lore-dendak irabazi du. Erakusleihoa ezin dotoreago jantzi dute.
  • Hirugarren saria, 400 eurokoa, Hala Bazanek irabazi du. Oso erakusleiho originala da, arreta josteko makina batean jarrarazten duena, nolabait etxeko amamak gogora ekarriz.

Horiez gain, 150na euroko 5 accesit-sari ere eman zaizkie honako hauei: Amaia ileapaindegia eta estetika, Begoña liburu-denda, Himala, Ailea mertzeria eta Neo ile-apaintzaileak.

Herriaren hiru sariak

Edizio honetan 200 euroko beste hiru sari ere banatu zaie boto gehien jaso dituzten saltokiei: Soho (1028 boto), Begoña Liburu-denda (470 boto) eta Euttopia (469 boto). Herritarrek boto horiek udaleko webgunearen bitartez eman dituzte. Guztira, 6989 boto jaso dira, urtetik urtera gehiago, Santurtziko herritarrek herriko saltokiekin duten inplikazioaren seinale. Webgunean botoa eman duten guztien artean 100 euroko erosketa-bale bat zozketatu da.