Sestaoko alkate Ainhoa Basabek iragarri du Sestao Bai enpresa-parkean La Naval kalea luzatzeko hasiko diren lanek 180 metroko luzera izango duen zati berri bat eraikiko dutela, kale hori Arcelor Mittalen sarreran dagoen biribilgune berriarekin lotzeko. Euskal Forging enpresa egiten ari den lanak amaitutakoan, urbanizazio berria doan lagako zaio Udalari. Proiektuak 887.000 euroko aurrekontua du, eta sei hilabeteko gauzatze-epea.
Euskal Forgingek kale-zati berri hau eraikitzeko konpromiso hartu zuen 2020an Udalarekin eta Sestao Bai sozietate publikoarekin sinatu zuen hirigintza-hitzarmenean, enpresa-parkearen barruan zenbait partzela jasotzearen truke.
Izan ere, hitzarmen horren arabera, Euskal Forgingek Udalari laga zizkion orain eraikiko den bide berri horrek hartuko dituen lurrak –urbanizatzeko konpromisoarekin batera–, fabrika handitzeko erabili nahi zituen udal-titulartasuneko bi lurzatiren truke.
Ainhoa Basabek azaldu duenez, "kale zati hau eraikita, Sestao Bai Enpresa Parkeko bide-eraztuna errematatuko dugu, industrialdean dauden enpresen mesedetan. Zehazki, La Naval kalea luzatzeak aukera emango du Arcelor Mittal eta Reimasa enpresetara sarbide azkarragoa eta zuzenagoa izateko ".
180 metroko luzera izango duen kale-zati berri honek 7,80 metroko zabalerako galtzada eta 2,3 eta 2 metroko zabalerako oinezkoentzako espaloiak izango ditu bi aldeetan. Urbanizazioan, ibilgailuentzako 24 aparkaleku ere egingo dira; horietatik lau mugikortasun urriko pertsonentzat, eta beste bat motorrak aparkatzeko.
Gainera, aurreikusita dago hogei bat farola, hiri-altzariak eta saneamendu, ur-hornidura, gas natural eta telekomunikazioetako sare egokiak ere jartzea.