Getxoko 2023ko Kirolari Onenaren sariak urtarrilaren 9an banatuko dira Kirol Portuko itsas-bidaiarien terminalean, XVII. edizioa izango da. Getxo Judo Klubeko Eunate Etxebarria, INEOS Grenadiers taldeko Jonathan Castroviejo txirrindularia, Getxo Igeriketa Klubeko Irene Pera igerilaria eta Real Club Jolaseta taldeko Bosco Vilallonga belar hockeyko jokalaria dira Getxoko 2023ko Kirolari Onenaren saria eskuratzeko hautagaiak, “Getxo Sasoi Sasoian” kirolaren galan.

Getxo Kirolak-eko teknikariek eta Getxoko kazetariek eta kirol alorreko adituek osatutako epaimahaiak saridunen zerrendaren berri eman du. Era horretan, banakako sari nagusietan Eunate Etxebarria sarituko dute Espainiako Txapelketa Absolutuan, Espainiako Junior Superkopan eta Europako Junior Kopan lehen postua eskuratzeagatik eta Espainiako Junior Txapelketan bigarren sailkatzeagatik, beste titulu batzuen artean. Jonathan Castroviejo txirrindulariari dagokionez, aipatzekoa da bere seigarren garaipena Espainiako Erlojupeko Txapelketan. Promesa kategoriako kirolarientzako sariei dagokienez, bestalde, Irene Perak Espainiako errekorra lortu zuen bere mailan, bizkarreko 50 metroko modalitatean eta brontzezko domina Espainiako Junior Txapelketan; eta, horiei esker, Espainiako selekzioaren deia jaso du. Bosco Vilallonga hockey jokalariak, Jolaseta Klubarekin denboraldi ona egin ondoren, Espainiako 21 urtez azpikoen selekzioak deitu zuen Dusseldorf-eko Nazioetako IV. Txapelketan jokatzeko, eta brontzezko domina lortu zuen.      

Taldekako sarietan, aurten Raspas Arraun Elkarteko emakumezkoen 4x taldeak, Esther Briz, Virginia Diaz, Izaskun Etxaniz eta Maialen Mielgok osatuak, jasoko du saria, Espainiako Txapelketan lehen postua lortzeagatik. Promesa kategorian, sariak honako hauentzat: Jolaseta Klubeko belar hockeyko haurren taldea, Euskadiko eta Espainiako txapelketetan garaipen bikoitza lortzeagatik, eta Getxo Errugbiko 14 urtez azpikoen taldea, Liga eta Bizkaiko eta Euskadiko txapelketak irabazteagatik.     

Sari bereziak

Edizio honetako garaipen-zerrenda sari bereziekin osatuko da: “Marka Hautsiz” Xabier Martin hockey jokalariari emango zaio; “Kiroltasuna” Jonkar Rey kirol-kazetariari; “Getxo Berrituz” Getxo Swim Camp klubak jasoko du; Broker Kirol enpresak “Getxo Zabala”; Etorkizuna Mendi Taldeak antolatutako Etorki Mendi Trail probak “Berdintasuna Indartuz”; eta, azkenik, Carlos Ruizek “Aitzindariak” saria, besteak beste, Athletic Club eta Bartzelonako RCD Espanyol futbol taldeetan egindako ibilbideagatik.