FANTen 30. urteurrena "Robot dreams" -ri buruzko erakusketa batekin hasiko da
La Bolsa Udaltegian ospatuko da urtarrilaren 10etik 26ra.
FANT (Zinemaldi Fantastikoa) 30. urteurrena ospatzen du aurten. Hori dela eta, "Robot Dreams, amets bat marrazten" erakusketa antolatu du La Bolsa Udaltegian, urtarrilaren 10etik 26ra. José Luis Ágreda arte zuzendariak komisariatutako Robot Dreams filmaren sormen prozesuari eskainitako erakusketa da honakoa. Lanak Pablo Bergerrek zuzendutako animazio honen munduaren sorkuntzaren fase ugariak aztertzen ditu. Sara Varon ilustratzaile iparramerikarraren eleberri grafikoan inspiratuta dago eta zinemako animazioaren eta, bereziki, Robot Dreams filmaren mundu liluragarriaren nondik norakoak argitzeko erakusketa da.
Gainera, urtarrilaren 10ean, erakusketaren inaugurazioaren ondoren, 19:00etan, MAHAI-INGURU BAT egingo da Kike Infame ilustratzaileak moderatuta, La Bolsa Udaltegiaren Ganbaran, "¿Sueñan los androides con perros animados?" izenburuarekin. Bertan parte hartuko dute José Luis Ágredak (ilustratzailea eta Robot Dreamseko arte zuzendaria), Iván Miñambresek (Isabel Hergueraren “El Sueño de la Sultana”-ren ekoizlea dena eta, Robot Dreams bezala, animaziozko film luze onenaren Goya saria irabazteko hautagaia dena) eta Sonia Estévezek (stop motion animaziozko zuzendari, ekoizle eta animatzailea eta “Txotxongiloa” izeneko laburmetraiaren zuzendaria). Hitzordu horretan ilustrazioaren, komikiaren, eleberri grafikoaren eta zinemaren arteko harremana, animaziozko zinemaren bilakaera, publikoak, animaziozko zinemaren nazioartekotzea, adimen artifizialak sektorean nola eragingo duen... bezalako gaiak jorratuko dira.
Mahai-inguruari amaiera emateko, José Luis Ágreda ilustratzaile eta arte zuzendariak bisita gidatua egingo du 20:30etan.