Síguenos en redes sociales:

Bilboko Errege Magoen kabalgata ipuin tradizionaletan oinarrituta egongo da

Udalak hamaika karroza eta lau kale-animazio diseinatu ditu

Bilboko Errege Magoen kabalgata ipuin tradizionaletan oinarrituta egongo daOskar Gonzalez

Ekialdeko Errege Magoek –Meltxorrek, Gasparrek eta Baltasarrek Arriaga antzokian bildu dira Itziar Urtasun Bilboko Jaietako zinegotziarekin, bisitaren eta bihar, urtarrilak 5, hirian zehar egingo duten kabalgataren azken xehetasunak errepasatzeko. Aurten desfileak betiko ipuinei begiratuko die, bai eta Peter Pan, Pinotxo, Alizia Herrialde Miresgarrian eta Mila Gau eta Bat Gehiago-ren istorioen magiari ere.

"Errege Magoen bisitak magia, ilusioa eta poza ekarriko dizkigu, baina, aldi berean, gogoratuko digu oso garrantzitsua dela partekatzea. Elkartasunak eta eskuzabaltasunak ere tarte bat izan behar dute gure nahien gutunetan", gogorarazi du Itziar Urtasun zinegotziak.

Erregeek lanaldi bizia izango dute . Eguna hasteko, Basurtuko Ospitalean ingresatuta dauden haurrez gogoratuko dira, bisita eginez (aurten, 09:30era aurreratuko dute hitzordua).

Ondoren, Bilboko Udaletxera joango dira, Arabiar Aretoan hartzeko –11:00etatik 14:00etara– gutunak eskura eman eta euren nahiak azaldu nahi dizkieten umeak. Itxaronaldiak ahalik eta gehien murrizteko eta haurrek Ekialdeko Magoak ezagutu ahal izateko, Udalak doako 1.500 sarrera eskaintzen ditu bere webgunean.

Arratsaldean, 18:00etatik aurrera, uriko kaleetan barrena ibiliko dira, Hans Christian Andersen, Charles Perrault, Grimm anaiak edo Lewis Carroll bezalako egileen ipuinetan inspiratutako desfile batean. Haien istorio eta pertsonaien magiak, musikaz eta kolorez betetako desfile batean, bidea irekiko du Ekialdeko Magoak agertzen direnerako, horretarako diseinatutako karroza berrietan iristen direnean.

KABALGATAK 12 KARROZA ETA KALEKO ANIMAZIOA IZANGO DITU

Bilboko Udalak hamaika karroza eta lau kale-animazio diseinatu ditu. Haietan, hainbat belaunaldi amestera eraman dituzten ipuinetako pertsonaia ospetsuak haragiztatuko dira, musikan, kolorean eta fantasian bilduta.

Ohiturak agintzen duenez, suhiltzaileen kamioi zahar batek, Udaltzaingoarekin batera, Errege Magoentzat bidea irekitzen lagunduko du.

Erregeen Posta Saila joango da desfilearen hasieran. Oinez, karrozaren gainean, patinetan eta trikimakoetan, Erregeen 18 postarik erlojuaren kontra lan egingo dute azken orduko gutunak eskuratzeko eta Ekialdeko Erregeen posta-makina magikoan sartzen direla ziurtatzeko, munduan zehar opariak banatzeko ibilbidea hasi aurretik.

Ondoren, betiko ipuinetako pertsonaien txanda iritsiko da, lehenik eta behin "Bremengo musikariak". Truski eta Traski-ren zuzendaritzapean eta Txaloka orkestrarekin batera, zuzenean, Grimm anaiek Saxonia Beherean girotu zuten ipuineko protagonistak Bilbora iritsiko dira. Bertan, jendeak miretsi ahalko ditu bateria jotzen duen astoa, gitarra jotzen duen txakurra, txirula jotzen duen katua eta baxua jotzen duen oilarra.

"Alizia Herrialde Miresgarrian" izango da hurrengoa desfilean. Lewis Carroll-en eleberriko protagonistarekin batera, jakina, Untxi Zuria, Erlojugile Eroa, Bihotzetako Erregina eta haren Karta Armada egongo dira. Haien ondoan, 2 metro baino gehiagoko sei tximeleta argiztatuk desfilatuko dute trikimakoetan.

Ondoren, "Pinotxoren Abenturen” mundu magikoa etorriko da. Carlo Collodik asmatutako pertsonaiek –Pinotxo, Gepetto, Beppe Grillo eta Maitagarria– joko eta litxarrerien abentura batean murgiltzera gonbidatuko gaituzte.

Haien ostean, Bitxo Do Samba batukada bilbotarrak perkusioaren soinuak "Berunezko soldadutxoa"ren historiarekin fusionatuko ditu, eta Hans Christian Andersen-ek idatzi zuen ipuinari erritmoa ematea lortuko dute, dantzaria eta paperezko itsasontzia alde batera utzita.

Zuzeneko perkusioaren erritmoak "Oihaneko liburua"-ren munduan jarraituko du, Mowgli, Baloo eta Louie erregearen eskutik, Rudyard Kipling-en pertsonaiekin batera zuhaitz eta lore argidunak eramango dituen karroza batean.

Ondoren, 11 metro luze eta 4,50 metro garai den itsasontzi ikusgarriaren txanda izango da. Peter Pan eta Gako kapitainak olatuei aurre egingo diete, Txintxarriren arrasto magikoari jarraituz. Hala, J.M. Barry-ren pertsonaiak alboko mugimenduen eta aurrera eta atzerako kolpeen artean mugituko dira.

Ondoren, Aladin, Jasmine, Jeinua eta Jafar etorriko dira karroza batean, Antoine Galland frantsesak "Mila gau eta bat gehiago" istorio-bildumaz egin zuen moldaketa birsortuz.

Haren ostean, izotz-izar handi batzuk etorriko dira patinen gainean, Hans Christian Andersen-en "Elurretako erregina" ipuinaren ildotik.

Ondoren, segizioak Erregeak Bilboraino gidatu dituen Ekialdeko Izar Handiari bide emango dio, eta bidea erakusten jarraituko du hirian barrena, led argiekin, argi robotikoekin eta aurrera egin ahala biratzen doan buru batekin.

Ekialdeko Izar Handiaren ondoren, azkenean, Erregeak iritsiko dira: Meltxor, Gaspar eta Baltasar. Aurten karroza berriak diseinatu dira Erregeentzat, Europako jauregietako eskailera handietan inspiratuak.

Karrozen desfilea ixteko ardura Gozokien Fabrikak izango du, aurrekoetan bezala. Glutenik gabeko 3 tona gozoki banatuko ditu bere turbina indartsuen bitartez.

Gurutze Gorriaren ibilgailuen atzetik, zazpi garbiketa-makinek eta udalaren garbitzaile-taldeak kaleak garbi uzten dituztenean eta dena berriro egoera ezin hobean geratzen denean amaituko da ikuskizuna.

ALKATEAREN HARRERA ERREGE MAGOEI

Kabalgata bukatzean, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Itziar Urtasun Jaietako zinegotzi eta Kultura eta Gobernantza Saileko albokoak harrera egingo diete Errege Magoei udaletxeko sarrera nagusian. Balkoitik ohiko mezua eskainiko dute Erregeek, eta gero bidaiari ekingo diote, opariak banatzeko.

IBILBIDEA

  • 18:00: Kabalgataren hasiera Kale Nagusitik, Maria Diaz Harokoren ertzean.
  • 18:30: Moyua plazara iritsiko da (Carlton Hotelaren aurretik).
  • 19:00: Plaza Biribilera iritsiko da.
  • 19:30: Lehenengo karroza Udaletxera iritsiko da.
  • 19:30: Juan Mari Aburto alkateak harrera egingo die Meltxor, Gaspar eta Baltasar erregeei.
  • 19:50: Agurra udaletxeko eraikin nagusiko balkoitik, eta umeen harrera Arabiar Aretoan.

KABALGATA INKLUSIBOA

Aurreko edizioetan bezala, eta kabalgata herritar guztientzat irisgarria izan dadin, espazio bat gorde da Foru Jauregiaren aurrean, Kale Nagusian (leku guztiak bete arte), dibertsitate funtzionala duten haurrek ikuskizunaz goza dezaten.

Bestalde, autismoa duten pertsonen parte-hartzea bermatzeko, Bilboko Udalak zuzeneko sarbidea eskaintzen die Arabiar Aretoan 11:00etatik aurrera egingo den harreran.

Era berean, banatu beharreko gozokiak egokiak izango dira zeliakoentzat ere. 

Ekialdeko Erregeekin batera zeinu-interprete bat egongo da Arabiar Aretoaren harreran, behar duten haurrentzat.

#BILBAOGABONAK

Jarduera horiek #BilbaoGabonak-en parte dira, Udalak Gabonetarako abian jarri duen proiektua. Beraren bidez, Bilbo turismoa erakartzeko hiri gisa sendotzea eta garai berezi honetan aisian, kulturan eta merkataritzan benetako erreferentea izatea lortu nahi du.

Aurreikusitako jardueren artean daude Gabonetako Azoka, izotz sintetikodun patinaje-pista eta sei erreiko txirrista handia, eta txikienentzako jarduerak dituen haur-karpa. Gainera, besteak beste, Udalak Gabonetako Azokako etxola bat gorde du jokoaren eta ikaskuntzaren bidez Bilboko Balioen Agiria ikusarazteko, gizarte bidezkoago, berdinzaleago eta ekitatiboago bat sortzen laguntzeko.