Lehendakariak Kanpoko Euskal Gizataldeen VIII. Batzarra inauguratu du
Bere hitzaldia hasi du amankomunean duguna azpimarratzen
Iñigo Urkullu Lehendakaria, Marian Elorza Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarekin batera, Kanpoko Euskal Gizataldeen VIII. Batzarraren irekiera ekitaldia inauguratu du. Biltzar hau lau urtean behin antolatzen da, kanpoko euskal gizataldeekiko harremanei buruzko 8/1994 Legeak ezartzen duen bezala, Euskal Erakundeen eta Euskal Gizataldeen artean harremanak estutzeko, Federazioen eta Euskal Etxeen inguruan.
Lehendakariak bere hitzaldia hasi du amankomunean duguna azpimarratzen: “herria partekatzen dugu, aberria partekatzen dugu”. Lau urte igaro dira azken Mundu Batzarra egin zenetik, geroztik, gertaera ugari izan dira eta horien guztien aurrean, Euskal Komunitateak “saregintzan” jarraitu du eta “Euskal Komunitate sareak erakutsi du sare zabala, sendoa eta indartsua dugula” baieztatu du Lehendakariak, “Euskal Komunitateak jarraitu du sare berriak ehuntzen eta zabaltzen, katea ez da eten” ziurtatu du Lehendakariak.
“ERALDAROA” da aurtengo ediziorako aukeratu den leloa, honekin “bizi dugun eraldaketa-prozesua nabarmentzen dugu” esan du Urkulluk. “Aldaketa eta ziurgabetasun garaiak bizi ditugu. Bilakaera azkarreko garaiak, eta horiei behar bezala erantzuten asmatu behar dugu” azpimarratu du Lehendakariak eta zentzu horretan azken lau urteetan egindako urrats garrantzitsuak nabarmendu ditu: Kanpoko Euskal Komunitatearen lege-proiektu berriaren idazketa; Han-Hemen dinamika, euskal migrazio berriaren errealitatea eta haren beharrak aztertzea helburu duena; mundu akademikoa hausnartzen ari da Euskal Diasporaren Graduondokoan, jada gaur bere hirugarren edizioan eta Munduko Diasporei buruzko nazioarteko hausnarketa-foroetan parte hartzen ari da Euskadi.
“Hau da saregintzan aritzea eta bizi dugun eraldaroan aktiboki parte hartzea” esan du Lehendakariak. Amaitzeko Urkulluk, Jose Antonio Agirre Lehendakariaren hitzak gogora ekarri ditu “gaur egiten dugun guztia etorkizuneko Euskadirentzat emankorra izango da; bideari jarraipena eman diogu eta emango diogu, gure Aberria guztion artean eraikitzen, indartzen eta zabaltzen jarrai dezagun” gaineratu du.