Ertzaintzako eta Euskadiko udaltzaingoetako agenteen hautaketa-prozesu berria jarriko da abian 2024an
Akademiak 19.835.000 euroko aurrekontua izango du 2024ko jarduera-plana gauzatzeko
2023an egindako jardueren plana eta 2024rako plan berria azaldu dute astelehen honetan Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak eta Andrés Zearreta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari nagusiak. Azaldu dutenez, plan berri honek Euskal Poliziako agenteen hautaketa-prozesu bateratu berriaren deialdia jasotzen du.
Oposizio berria 2024aren hasieran (urtarrila/otsaila) deituko da, eta, aurreko LEPak bezala, oinarrizko eskalako eta Bide Segurtasuneko eta Ikerketa Kriminaleko espezialitateetako plazak barne hartuko ditu, Ertzaintzan lanpostu huts gehien dituzten bi espezialitateak baitira. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak Ertzaintzako eta Euskadiko udaltzaingoetako agenteak batera hautatzen eta prestatzen dituen bosgarren aldia izango da, eta, modu horretan, homologatu egiten du haien polizia-prestakuntza eta herritarrekiko arreta.
Ertzaintzako eta Euskadiko udaltzaingoetako plaza-kopurua oraindik zehaztu gabe duen oposizio-lehiaketa hau Eusko Jaurlaritzak XII. Legegintzaldi honetan deitzen duen laugarrena izango da, eta, horrela, urtero hautaketa-prozesu bat egiteko konpromisoa beteko du.
2024ko Prestakuntza
Akademiak 19.835.000 euroko aurrekontua izango du jarduera-plan hori gauzatzeko. Horren barruan, agente berriak hautatzeaz gain, sarrera-ikastaroak, mailaz igotzeko ikastaroak eta prestakuntza anitza eskainiko ditu Euskadiko segurtasun-sistema publikoa osatzen duten eragile guztientzat: udaltzaingoak, prebentzio-zerbitzuak, suteak itzaltzeko eta salbamenduko zerbitzuak, larrialdiei aurre egiteko teknikariak, babes zibila, Euskadiko boluntarioak, etab.
Prestakuntzaren barruan, 2024ko berritasun gisa, emakumeen aurkako indarkeriaren arloko diziplinarteko formakuntza-plan bat nabarmentzen da Euskal Poliziako etorkizuneko promozioetako agenteentzat, Eusko Jaurlaritza prestatzen ari den Emakumeak indarkeria matxistaren aurrean modu integralean babesteko plan estrategikoaren barruan.
2023ko balantzea
Aurten, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak 11.848 pertsona prestatu ditu, 9.395 gizon (% 79,3) eta 2.453 emakume (% 20,7), eta milioi bat ordutik gora izan dira. Beste jarduera batzuen artean, nabarmentzekoa da Euskal Poliziako Oinarrizko Eskalako Agente Ikastaroa. Ikastaro hori joan den azaroaren 10ean amaitu zen, eta Ertzaintzan 377 agente sartu ziren eta Euskadiko 25 udaletako udaltzaingoetan 123. Gainera, aipatzekoa da Ertzaintzako eta udaltzaingoetako pertsonalarentzat mailaz igotzeko, espezializazioko eta eguneratze eta hobekuntzako 100 ikastarotik gora egin direla.