Abenduaren 18tik, martxoaren 17ra bitartean, barakaldarrek herriko irisgarritasunari buruzko iritzia eman ahal izango dute udalak abian jarri duen ikesta baten bitartez, izan ere, Barakaldoko Udala Irisgarritasun Unibertsaleko Plan bat egiten ari da herrirako, eta, hori garatzeko, herritarrek eguneroko lanean duten iritzia, ikuspegia eta esperientzia izatea gustatuko litzaioke.
Amaia del Camporen taldeak herritarren parte-hartzearen aldeko apustua egin du proiektu hau lantzeko, barakaldarrentzako proiektu eraldatzaile gisa sortu baita. Inkestaren helburua da herritarrek udalerriko hainbat ingurune eta zerbitzuk irisgarritasun unibertsalari buruz duten pertzepzioa ezagutzea. Inkestan, besteak beste, garraioaren, bideen, espazio eta eraikin publikoen, komunikazioaren, udal-izapideen eta seinaleztapenaren irisgarritasunari buruzko iritzia emateko aukera ematen da. Gainera, pertsona bakoitzak herriko irisgarritasunari buruz nabarmendu nahi dituen gaiei buruzko iruzkin gehigarriak egin daitezke. Datuak modu anonimoan bildu eta tratatuko dira.
INKESTARAKO SARBIDEA
Inkesta gaurtik, abenduaren 18tik, martxoaren 17ra egongo da eskuragarri, eta euskarazko eta gaztelaniazko online eta paperezko bertsioan parte hartu ahal izango da. Bertsio digitala Barakaldoko Udalaren webgunean eta App mugikorrean aurkitu ahal izango da, eta doan deskargatu ahal izango da.
EUSKADIKO IRISGARRITASUN UNIBERTSALAREN LEHEN UDAL PLAN INTEGRALA
Barakaldo bihurtu da Euskadiko Irisgarritasun Unibertsalaren Udal Plan Integrala egiten duen lehen udalerria; proiektu horren bidez, hiriko irisgarritasuna kontzeptu zabalenetik lantzen da: hirigintza, garraiobide publikoak, udalarekiko komunikazioa... Plana prestatzen hasi gara. Joan den abenduaren 1ean prozesu osoan zehar lan egingo duten bi mahai teknikoak bildu ziren. "Erantzun teknikoa eta herritarra oso onak izan dira. Irisgarritasunarekin, auzo eta gizarte elkarteekin, pertsona partikularrekin eta abarrekin zerikusia duten elkarteetako partaideak izan ditugu ", azaldu du Gorka Zubiaurre Alkatetza eta Herritarren Partaidetzako zinegotziak.