Bilboko Udalak Biribilko programaren edizio berria martxan jarri du, hiriko ostalari eta merkatariei euskara-ikastaroak eskaintzeko helburuarekin. Horrela, Udalak sektore profesional horietan euskararen erabilera bultzatu eta erabilera normalizatu nahi du. Izan ere, urian euskararen normalizazioan eragitea da helburua, eta, horretarako, merkatariei eta ostalariei aukera eskaintzen zaie euskara ikasteko eta bezeroekin, hornitzaileekin edo lankideekin dauzkaten harreman profesionaletan erabiltzeko.

Zentzu honetan, parte hartu nahi dutenek bi maila dituzte aukeran: bata, oinarrizkoa, eta bigarrena, hobetzeko. Goizeko edo arratsaldeko ordutegia aukeratu dezakete. Interesa duten pertsonek datorren urriaren 7ra arte dute epea izena emateko, Biribilko programaren web-orrian, euskaltegietan bertan edo 688 739 015 telefonora deituz egin ahal izango dute. Programa hau 2009an sortu zen eta, harrezkero, Bilboko merkataritzaren esparruan diharduten 2.000 pertsona baino gehiago matrikulatu dira.

Udalak elkarlanean garatzen du euskararen erabilera sustatzeko udal programa hau, zehazki, HABErekin eta euskaltegi homologatuekin, Bilbao Dendak elkartearekin eta uriko merkatarien elkarteekin, eta Bizkaiko Ostalarien Elkartearekin. Klaseak astean bitan ematen dira: astelehen eta asteazkenetan edo astearte eta ostegunetan, 2023ko urritik 2024ko ekainera. Parte-hartzaileek goizeko, eguerdiko edo arratsaldeko ordutegia aukeratu ahal dute.

Gainera Udaletik azaldu duten bezala, Euskara-eskoletara joaten diren pertsonek "ziurtagiri pertsonalizatu bat jasoko dute, Biribilko 2023-2024 ikastaroan parte hartu izana ziurtatzen duena (betiere, eskolen % 75era joan izana bermatu behar dute)". Horrez gain, hala nahi badute, dohainik eskuratuko dituzte merkataritzako eta ostalaritzako gaztelania-euskara hiztegiak. Era berean, "doako itzulpen zerbitzua erabili ahal izango dute (gaztelaniatik euskarara) jendaurreko merkataritza- eta ostalaritza-testuak (kartelak) itzultzeko, saltokietan erabili behar direnerako".