Aste honetatik aurrera, martxan da MKZ - Mugikortasuna Kudeatzeko Zentroaren eraikin berria. Inaugurazioarekin, Bizkaiak aurrerapauso handia eman du bide-sarearen kudeaketa adimenduan, ezinbesteko azpiegitura bat baita intzidentziei erantzuteko gaitasuna handitzeko eta etorkizuneko mugikortasun-erronkak aurreratzeko
Mugikortasuna kontrolatzeko zentroa Malmasingo tunelen sarreraren ondoan dago, 1973an hasi zen lanean, eta, harrezkero, Bizkaiko errepide-azpiegituren hazkundera egokitu da. Hala ere, etengabe ari dira proiektu estrategiko berriak egiten –hala nola La Avanzadako eta Artatzako tunelen birmoldaketa, Markinako etorkizuneko saihesbidea edo BI-636 eta BI-30 (N-637) errepideetako esku-hartzeak, eta itsasadarraren azpiko tunelaren hasiera–. Hori dela eta, zentroa sakonki berritu behar zen, bertatik jarduketa horiek guztiak koordinatu ahal izateko. Izan ere, MKZ berria egungo sareaz ez ezik hemendik aurrera sortuko denaz ere arduratzeko diseinatu da: tunel gehiago, datu gehiago, segurtasun-beharrizan handiagoak, koordinazio-beharrizan handiagoak.
Elixabete Etxanobe ahaldun nagusia bisitan izan da geroz eta modernizatuagoak, eraginkorragoak eta digitalizaziora egokituagoak diren instalazioetan. “MKZ sistema baten burmuina da, eta horren barruan errepideen foru sarea (1.104 kilometro), 17 tunel eta autobideak eta edukiera handiko errepideak (210 kilometro) daude. Burmuin honek bost milioi datu baino gehiago prozesatzen ditu egunean, denbora errealean. Sentsoreek eta kamerek biltzen duten informazioa gure zuntz optikozko sarearen bidez heltzen da hona”, azaldu du.
Bi faseko eraldaketa
2024aren amaieran, MKZ zentroak eraldaketa-prozesu handi bati ekin zion bi fasetan, zentroaren eraginkortasuna areagotzeko eta gaitasun operatiboa handitzeko. Lehenengo fasean, handitu egin da; horretarako, eraikin berri bat eraiki da lehendik zegoenari erantsita, eta hor instalazio berriak jarri dira: eragiketak kontrolatzeko gelak, krisi-gela, bilera-gela, bulegoak eta gela tekniko bat –bertan egongo dira eragiketak kontrolatzeko gelaren funtzionamendurako behar diren ekipoak–.
Bigarren fasean, lehendik zegoen eraikina eraberritu da, fatxada eta estalkia barne, eta solairuetako instalazioak atalka berrantolatu dira: mantentze-lanak, eragiketak eta teknikariak.
Esku-hartzeari esker, altuera bikoitzeko kontrol-gela berri bat dago MKZ zentroan, eta hor bideo-horma zabal bat, 55 hazbeteko 20 LED pantaila izatetik 32 izatera igarota. Gainera, lehendabiziko aldiz, garrantzi bereziko intzidentziak are eraginkortasun handiagoarekin kudeatzeko diseinatutako krisi-gela bat jarri da.
Proiektuaren ondorioz, zerbitzuaren baliabide eta gaitasun operatiboak indartu behar izan dira, intzidentzietan hobeto erantzuteko eta azpiegituraren funtzionamendu eraginkorrago eta seguruago bat bermatzeko. Kontrol- eta bulego-arloetan, lanpostu gehiago sortu dira, hau da, 15 lanpostutik 24ra igaro da. Tailerreko guneak bikoiztu eta aldagelak eta atondoak modernizatu dira. Jarduketak 1.044,61 metro koadroko azalera hartu du guztira, hau da, 444,17 metro koadro gehiago jatorriko eraikinarekin alderatuta.
Jasangarritasuna
Proiektuak eraikinaren ingurua osorik hobetzearen alde egin du. Fatxadaren bereizgarriak zurezko lama bertikalak dira; izan ere, karbono-aztarna murrizten dute eta identitate arkitektoniko garaikidea ematen diote.
Jasangarritasuna izan da proiektuaren ardatzetako bat. Zenbait neurri hartu dira eta, besteak beste, hauek dira nabarmentzekoak: autokontsumo energetikorako 35 panel fotovoltaiko instalatzea; zura erabiltzea material nagusi gisa; estrategia pasiboak ezartzea, adibidez, iparraldera begirako irekiera zenitalak edo hegalak, kontrol-gelan itsualdirik ez eragiteko, eta eraginkortasun handiko klimatizazio-sistemak instalatzea.
Jarduketa horiei esker, A energia-ziurtagiria lortu da eta 246 zuhaitzek egingo luketen beste murriztu dira emisioak. Eraikinaren diseinu berriak lan-fluxuak berrantolatzea ere ekarri du, zentroaren operatibitatea optimizatzeko, gaitasuna handitzeko eta lan-baldintzak hobetzeko. Gainera, kontuan hartu da solairu guztietatik kanpora irteteko aukera izan dadila, hori baita gaur egungo languneetan gero eta gehiago eskatzen den kontu bat.
Behin modernizatuta, Bizkaia mugikortasunaren kudeaketaren abangoardian kokatu da. Errepideetan aurrera goaz, informazioa denbora errealean emateko eta transmititzeko gai den eredu gero eta adimentsuago eta konektatuago baterantz. MKZ zentroa prest dago sistema horiek integratzeko, hala nola datuak ibilgailuetatik kontrol-zentrora bidaltzeko aukera ematen duten balizak.
Halaber, beste teknologia batzuek, hala nola gidatze konektatu eta automatizatuak edo larrialdi-deirako sistemak, automatikoki aktibatzen dituzte larrialdi-zerbitzuak, istripurik izanez gero, eta erantzun-denborak nabarmen murrizteko aukera eman. Helburua da erabiltzaileen segurtasuna handitzea, istripu-arriskua minimizatzea eta ondorioak arintzea.