Leioako Ostalaritza Eskolak lehen saria irabazi du Enpresari izeneko lehiaketan. 'Sukaldean' deritzon proiektu gastronomikoak irabazi du: 0 kilometroko produktuen erosketari garrantzia eman diona eta jantoki ugarietara banatzea duen helburu nagusia, janari alferrik galdu ez dadin. 'Sukaldean' osatutako taldea Galder Novo Azurmendi, Manuel Escudero Noguera, Mitxel de Sousa Alejo eta Unai Durán Rico izeneko sukaldariak dira.

'Sukaldean' izeneko proiektuak zehazki honako hau proposatzen du: 0 kilometroko produktuen erosketa zentralizatzea, gero (garbi, zurituta, zatituta eta ontziratuta) banatzeko ikastetxeetako, egoitzetako eta hoteletako jantokietan; horrela, denbora aurreztuko da eta janaria ez da alferrik galduko. Proiektuari lehen saria eman zaio Enpresari Lehiaketan, Bizkaiko lanbide-heziketan ekintzailetzaren kultura sustatzen duen lehiaketan.

Bigarren eta hirugarren sariak jaso dituzte, hurrenez hurren, 'Koof Kombucha' proiektuak (CPES Lea Artibai BHIPeko ikasleen proposamen bat, izen hori duen alkoholik gabeko edaria egiteko eta merkaturatzeko) eta 'Envolvexa' proiektuak (fatxaden eraikuntzan eta konponketan berritzeko ideia, plaka zeramikoen eta aire-kameren sistema erabiliz).

Guztira 3.700 negozio-ideia izan dira orain arte, eta 933 proiektu ekarri dituzte. Horietako batzuk, azkenean, enpresa bilakatu dira. Aurten 285 negozio-ideia aurkeztu dira. Horietatik 70 aukeratu ziren hasieran eta gaur hamarrek jaso dute saria. Dena den, beste zazpi sari ere eman zaizkie bideo-aurkezpen onena egin dutenei.

Lehen saria 1.500 eurokoa da, bigarrena 1.200 eurokoa eta hirugarrena 1.000 eurokoa. Gainerako sariak (guztira hamar sari izan baitira) 500 eurokoak izan dira. Bideo onenak aurkeztu dituztenei iPad tablet bana oparitu zaie.ENPRESA PROIEKTU SUSTATZAILEAK

Enpresari lehiaketa izen bereko programaren barruan sartzen da. DEMA - Enplegu eta Ekintzailetzaren Foru Agentziak (Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun Sailari dago lotua) eta Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuak sustatu dute. Gaur arratsaldean sariak jaso dituzten ideia eta proiektuen lehiaketaz gain, Enpresari programak enpresa-ekintzailetzako tailerrak ere izaten ditu, gure lurraldeko lanbide-heziketako ikastetxe ugaritan.

Edizio honetan aukeratu diren 70 proiektuak sustatzaile ziren ikasleek garatu ahal izan dituzte, irakasleekin batera eta DEMA Agentziaren aholkularitzarekin. Programaren bidez, izan ere, enpresa-proiektuak egin nahi dira, sustatzaileek hala nahi izanez gero errealitate bihur daitezkeenak, aipatutako agentziaren eta Foru Sailaren laguntzarekin. Programa honen historian behin baino gehiagotan egin da horrela.