Erakunde batek koltxoien iruzurrezko salmenta egiten zien pertsona ahulei, eta duela gutxi desegin dute Bilboko Udaltzaingoari esker. Zehazki, kriminale horiek atez ateko metodoa erabiltzen zuten biktimak bilatzeko, horietako asko adinekoak. Ikerketa joan den hilean Miribillako Ikuskaritza Nagusian jarritako salaketa bati esker hasi zen.

Balizko bezeroak aurkitzeko prozesuan, saltzaileek osasungintzako, Osakidetzako edo Gizarte Segurantzako langileak zirela adierazten zuten. Etxera sartutakoan, pertsonari tentsioa hartzen zioten eta ahozko inkesta bat egiten zioten haren osasun-egoeraz. Une horretan, koltxoia eskaintzen zioten, arazo eta aje fisiko guztiak sendatuko zizkiolakoan. Horretarako, anatomiaz, sendaketaz eta terapiaz hitz egiten zieten.

Ia berehala, eta salmenta behartuta, etxebizitza barruan zegoen komertzialak beste pertsona bati deitzen zion telefonoz eta, hamabost minutu baino gutxiagoan, biktimari koltxoia kentzen zioten (edozein egoeratan zegoela ere) eta berria jarri, prezintua kenduta.

Une horretan, salmenta eginda zegoelakoan, diru kopuru bat eskatzen zuten seinale gisa, eta egun eta ordu bat adosten zuten gainerako zenbatekoa likidatzeko.

Izapide guztia eskudiruarekin egiten zen, fakturarik gabe. Koltxoiaren prezioa 1.000 eta 2.000 euro artekoa zen. Prezioa inolako irizpiderik gabe aldatzen zuten.

Udaltzaingoak bazekien etxebizitza batean koltxoi kobratuko zutela azaroaren 30ean. Horregatik, dispositibo bat antolatu zuten. Emaitza: atxilotu bat eta hiru pertsona ikertuta, haien artean enpresa saltzailearen administratzaileak. Modu berean, udaltzainek zenbait miaketa egin dituzte, eta ondorioz antzeko iruzurretako ustezko biktimen inguruko dokumentazio ugari atzeman dute.

Ustezko kaltetuen dokumentazioa eta ezaugarriak aztertu dira: adineko pertsonak dira, eta haietako batzuek narriadura kognitiboa ere zeukaten.

Iruzur-egileak Bizkaian eta Gipuzkoan aritu dira, gutxienez Bilbo, Portugalete, Sestao, Santurtzi, Azkoitia, Azpeitia, Mendaro eta Deban.

Ikerketak irekita segitzen du eta baliteke atxiloketa gehiago egitea; gainera, iruzurrari lotutako beste delitu batzuk leporatu ahal zaizkie.