BARAKALDO. Barakaldoko tokiko polizioak gizonezko bat atxilotu du asteazken honetan goizean, otsailak 24, udalerriko denda batean ustez indarrez lapurtzea egotzita. Barakaldoko Udaleko Herritarren Segurtasuna eta Babes Zibila Arloko zinegotzi Ángel Madrazok gertakariaren nondik norakoak azaldu egin ditu.

Atzo, asteazkena, 00:30ak aldera, auzokide batek Udaltzaingoari deitu zion, etxebizitza bloke baten azpian dagoen denda batetik zarata handiak ateratzen ari zirela ohartarazteko. "Beldur zen norbait denda barrura sartu ote zen lapurreta egiteko asmoz, eta, zoritxarrez, hori gertatzen ari zen", esan du Madrazok.

Berehala bertaratu dira udaltzainak gertakarien lekura, eta dendaren inguruan zeudela, lokal barrutik atera den gizon baten ezaugarri fisikoei buruzko informazioa jaso dute lekuko batengandik.

Orduantxe bertan, ikusi dute udaltzainek aipatutako ezaugarriak zituen gizon bat korrika ihes egiten. Agenteak polizia-ibilgailutik jaitsi dira, eta oinez ekin diote gizona harrapatzeari.

Jazarpenean, inguruko ikastetxe bateko hesia igo du susmagarriak, eta barrura sartu da, baina, azkenean, geldiarazi egin dute agenteek. Harrapatu ondoren, saltokian lapurtutako gauzak zituen kutxa bat atzeman diote; besteak beste, bisita-txartelak. Ondoren, gizona lokalera, han bertan aurkitutako kutxatila metaliko sendo bat jaurtiz sartu dela egiaztatu ahal izan du Udaltzaingoak.

Hori horrela, gizona atxilotu eta ertzain-etxera eraman dute , ustez indarra erabiliz egindako lapurreta-delitu bat egotzita. Epailearen esku utziko dute atxilotua.