BILBO. Ertzaintzak pertsona bat atxilotu egin zuen pasa den ostegunean Agurainen marihuana-plantazio bat izateagatik, eta beste bi ikerketapean geratu dira. 150 landare inguru aurkitu zituzten guztira.

Joan den ostegunean, abuztuak 27, goizaldeko ordu bi eta erdietan, A-2128 errepidetik Opakua mendatean barrena zirkulatzen ari zen Ertzaintzako patruila batek ikusi zuen argiak itzalita zituen turismo bat landa-bide batetik errepide horretara sartzen zela. Autoan zihoazen bi pertsonak identifikatu zituzten eta lagun baten etxetik zetozela esan zuten. Ibilgailuaren barruan 25 litroko lau bidoi huts zeramatzaten. Ertzainek aurrera egiten utzi zieten eta, ondoren, identifikatutako bi pertsona horiek zetozen landa-bidea ikuskatu zuten.

Ilunpetan hiru pertsona ikusi zituzten, baina horiek polizia bertan zegoela ikusirik mendi aldera lasterka ihes egin zuten. Agenteak haien atzetik irten, eta horietako bat harrapatu ahal izan zuten. Bertan 25 litroko 10 bidoi aurkitu zituzten. Susmagarriak ertzainei aitortu zien bidoiak mendian, hurbil, zuen marihuana-plantazio bat ureztatzeko erabiltzen zituela. Poliziak gizonezkoarekin batera plantaziora hurbildu, eta 150 landare eta laborantzarako askotariko materiala aurkitu zuten (ongarriak, erremintak, mahukak, bidoiak). Ebidentzia horien aurrean, atxikitako gizonezkoa atxilotu zuten droga-trafikoaren delituaren akusaziopean. Ondoren ikertu gisa eginbideak ireki dituzte landa-bide horretatik autoan irtetean identifikatutako beste bi gizonezkoen aurka, 28 eta 36 urtekoak.

Atxilotuak 36 urte ditu, eta ostiralean bertan eraman zuten epailaren aurrean.