BILBO. Ertzaintzak gizonezko bi atxilotu ditu gazte bati gainean zeraman urrezko katea lapurtzeagatik. Auzia astelehenean gertatu zen, hilak 24, Rekalde Zumarkalean.

Joan den astelehenean, hamarrak eta hamar inguru, aurkeztutako salaketak jasotzen duenez, gazte bat bi lagunekin eserita zegoen Rekalde Zumarkaleko eserleku batean, bi ezezagun hurbildu, eta bat bere ondoan eseri zenean. Ezezagun horietako batek hitz egin zion arren, biktimak ez zion kasurik egin, eta une batean ezagun horrek esku batez kolpe bat eman zion bularrean eta beste eskuaz lepoan zeraman urrezko katea kendu zion.

Biktima eta haren lagunak lapurreta-egileen atzetik irten, eta Ertzaintzari telefonoz deitu zioten. Zerbitzuz kanpo zegoen Ertzaintzako agente bat Rekalde Zumarkalean zegoenez, biktima eta haren lagunak bi gazteren atzetik zebiltzala ikusi eta zer gertatzen zer galdetu zien. Gertatutakoaren berri eman ziotenean, hura ere susmagarriak harrapatzen saiatu zen, baina horiek Zubizuri zubirantz lasterka irten ziren, gelditzeko aginduei jaramonik egin gabe. Bi susmagarriak bereizi egin ziren, baina poliziak horietako bat harrapatzea lortu zuen, eta indarka aritu ondoren menderatu eta atxiki ahal izan zuen polizia-dotazio bat iritsi arte.

Bien bitartean, biktimaren lagunek lapurretan nahastuta zegoen beste pertsona Campo Volantin kalean harrapatu zuten, eta Ertzaintzaren agenteak iritsi arte atxiki zuten. Agenteek susmagarria atxilotu zuten.

Atxilotuek 31 urte eta polizia-aurrekariak dituzte, eta atzo arratsaldean jarri zituzten epailearen esku.

ATXILOTU BAT SEXU-ABUSUAK EGITEAGATIK

Asteartean arratsaldeko zortziak inguru, neska gazte bat tren-geltokiaren eta metro-estazioaren arteko zona gurutzatzen ari zen Abandoko geltokian, atzetik ezezagun bat hurbildu, eta sexu-ukituak egin zizkionean. Erasotzaileak ihes egin, eta biktimak metroko langileen laguntza eskatu zuen.

Minutu batzuk geroago, Ertzaintzako patruila bat bertaratu, eta biktima artatu zuen. Ukituak egin zizkion gizonezkoaren deskribapenari esker, beste polizia-dotazio batek San Frantzisko kalean topatu zuen susmagarria. Atxilotu eta polizia-dependentzietara eraman zuten.

Atxilotuak, 45 urteko gizonezkoak, sexu-askatasunaren aurkako polizia-aurrekariak ditu, eta atzo goizean jarri zuten epailearen esku.