BARAKALDO. Aste Santu berezia izan da. Konfinamendua dela eta, jendea ezin izan da euren etxebizitzetatik atera. Hala ere, Barakaldoko Udaltzaingoak bi gizon atxilotu ditu droga-trafiko delitu bat leporatuta.

Lehenengo atxiloketa asteazkenetik ostegunera bitarteko goizaldean izan zen, Kareagan. Udaltzainek ibilgailuan zerbait ezkutatzen saiatzen ari zen gizon bat harrapatu zuten. Orduaren eta gizabanakoaren urduritasun-jarreraren ondorioz, susmagarritzat jo zuten poliziek, eta egiaztatu ahal izan zuten gizonak (J.D.B.G., Barakaldon bizi da) 60 gramo kokaina, 30 gramo haxix, 5 doitasun-baskula eta 300 euro ezkutatzen zituela bere ibilgailuan. Droga kopuruak 5.000 euro inguruko balioa izan zezakeen merkatuan.

Igande arratsaldean izan zen bigarren atxiloketa. Lasesarre auzoko lonja batera joateko eskatu zioten Udaltzaingoari. Bertaratu zirenean, inguruko garaje batera bidean bi gazte presaka alde egiten ari zirela ikusi zuten agenteek. Atzetik jarraitu, eta garaje barruan zeudela, ibilgailu baten ondoan zerbait manipulatzen ari zirela ikusi zuten.

Jarrera horrek Udaltzaingoaren susmoak ernatu zituen; izan ere, ibilgailua aztertu ondoren, maletategiaren barruan landare-substantzia berde bat (ustez marihuana) zuten bederatzi poltsa aurkitu zituzten ezkutatuta, bakoitza bere pisuarekin eta bakoitzaren balioarekin etiketatuta: 24 poltsa huts erabiltzeko etiketatuta, eta 145 euro 5, 10 eta 20 euroko billetetan. Ibilgailuaren jabeari (R.C.L.) droga-trafikoko delitua egotzi diote.

ZAINTZA INDARTU

Herritarren Segurtasuna eta Babes Zibila Arloko zinegotzi arduradun Angel Madrazok adierazi duenez, Alarma Egoeraren hasieran, zinegotzigoak berak adierazi zuen bezala, "Udaltzaingoak ez dio inola ere itzuri egingo udalerrian gertatzen diren delitu-egitate guztiak jazartzeari". Ildo horretan, Madrazok uste du egunotan egindako atxiloketak "gure kaleetan dauden eragileen etengabeko presentziaren adibide argia" direla.

Era berean, Angel Madrazok gogorarazi du Arkauteko akademiatik datozen agente berriak sartzeak indartu egin duela azken egunotan Barakaldoko poliziaren presentzia: "Talde operatiboak indartu egin dira, eta Udaltzaingoak auzo guztietan duen presentziak aukera emango du konfinamendu-neurriak betetzen direla hobeto kontrolatzeko, bai eta delitu-egitateak prebenitzeko eta jazartzeko ere".