Joan zen apirilean onartu ziren EHUren Estatutu berrien bigarren artikuluak ezartzen du unibertsitatearen izen ofiziala Euskal Herriko Unibertsitatea dela; eta haren siglak, EHU. Horren ondotik, Gobernu Kontseiluak beste urrats bat egin du unibertsitatearen izen berria normalizatzeko, ekoizpen zientifikoko izendapen bibliografiko bakarrerako jarraibideak eguneratzea onetsi baitu.

Onartutako dokumentuak argitu egiten ditu Estatutu berrien ondorioz ikertzaileei izenaren inguruan sortutako zalantzak, eta afiliazio instituzionalaren eta izen pertsonalaren sinadura normalizatutako formulak eskaintzen ditu. “Argitalpen zientifikoetan eta datu-base bibliografiko nagusietan unibertsitatearen izenean irizpide homogeneoak erabiltzeak erakundearen ikusgarritasuna hobetzen laguntzen du”, nabarmendu du Jon Umerez Ikerketako errektoreordeak.

Jarraibideak

Hortaz, afiliazio instituzionalari dagokionez, Klaustroan onartutako izena, Euskal Herriko Unibertsitatea, erabiliko da lehentasunez, eta unibertsitatea beste hizkuntza batean aipatu behar den kasuetan, argitalpenaren hizkuntza bertsio ezberdinak onartuko dira, betiere EHU siglekin batera: Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU); Universidad del País Vasco (EHU); University of the Basque Country (EHU) eta Université du Pays Basque (EHU).

Jarraibide horiek EHUren ekoizpen zientifikoa: Izendapen bibliografiko bakarra dokumentuan jasota daude. Dokumentu hori jatorriz 2011ko abenduaren 22ko Gobernu Kontseiluan onartu zen eta orain Fátima Pastor Ruizek eguneratu du, Ikerketarako dokumentalista eta Ikerketa-kudeaketako teknikariak Ikerketarako Zerbitzu Orokorretan (SGIKER). Sarreran gogorarazten da Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 15. artikuluak ezartzen duenez, unibertsitate publikoetan, besteak beste, ikertzaileen betebeharra dela beren jarduera zientifikoan diharduten erakundeen izena erabiltzea, erakunde horien barne-araudiaren arabera.

Era berean, datu baseetan akronimo berria erabiltzearen ondorioak aztertzeko Unibertsitateko Bibliotekari eskatu zitzaion. Egindako txostenak berretsi zuen izenaren aldaketak ez zuela eragin negatiborik izango argitalpenak eta haiei buruzko aipamenak berreskuratzeko Web of Science edo Scopus bezalako datu-baseetan. “Unibertsitatearen profilak datu base horietan dozenaka aldaera —haien artean jadanik EHU zegoen— eta horien konbinazio guztiak jasotzen dituenez, izen berriaren erabilerak ez du eraginik izango indexazioan”, azpimarratu du Ikerketako errektoreordeak.

EHUren izen berria bestelako dokumentu legaletan erabiltzea, hala nola, hitzarmenetan edo kontratuetan, Eusko Jaurlaritzak estatutuak behin betiko onartu zain geratzen da.