Bizkaiko Foru Aldundiaren beka jaso duten hainbat artistaren lanak aurtengo urritik 2026ko azarora arte modu mailakatuan erakutsiko dituen Barriek erakusketa zikloa hasi da Bilboko Rekalde aretoan, Leo Burgeren Blue Lines erakusketarekin.

Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatuak eta euren lanak erakutsiko dituzten artistek aurkeztu dute Barriek programaren edizio berria astearte honetran Rekalde aretoan bertan.

Arrizabalagaren hitzetan, "2011tik 'Barriek' programan parte hartzen duten gazteak artearen sisteman azaleratzen den sormen ahalmen handidun artisten belaunaldiko kide dira, gehienak EHUko Arte Ederretako Fakultatean trebatuak".

ARETOA

Horrela, Rekalde aretoa "plataforma ezin hobea" izango da foeru erakundearen beka jaso duten artisten sorkuntzak proiektatzeko. 'Barriek' erakusketa zikloa Leo Burge londrestarraren artelanekin hasi da astearte honetan, eta artista bakoitzaren erakusketak bi hilean behin egingo dira, gutxi gorabehera.

Hain zuzen, Burgeren erakusketaren ondoren (abenduaren 14ra arte ikusgai), Maria Muriedas (abenduaren 16tik 2026ko otsailaren 8ra), Ra Asensi (otsailaren 10etik apirilaren 12ra), Mar de Dios (apirilaren 14tik ekainaren 21era), Amaia Molinet (ekainaren 23tik abuztuaren 30era) eta Maider Aldasororenak (irailaren 1etik azaroaren 2ra) egingo dira.

'Barriek' erakusketa zikloa Leo Burge londrestarraren artelanekin hasi da astearte honetan, eta artista bakoitzaren erakusketak bi hilean behin egingo dira, gutxi gorabehera

Gainera, jarduera osagarriak eta didaktikoak eta artisten tailerrak egingo dira, jendeak artistaren ezagutza pertsonala izan dezan, bai eta artistaren lanen gakoak eta interesa ezagutzeko topaketak ere.

XIX. mendearen amaieran Bizkaiko Foru Aldundia aitzindaria izan zen estatuan artistei beren prestakuntzan laguntzeko beka-sistema eskaintzen hasi zenean. Horregatik Rekalde Aretoaren lehentasunezko helburua talentua sustatzea eta Bizkaian sortu eta lan egiten duten belaunaldien garapen artistikoaren etapetan laguntzea da.