Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko kirurgia-blokeko klimatizazio-instalazioa osorik eraberritzeko lanak hasi ditu Osakidetzak. 5,7 milio euroko inbertsioa egin du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, eta horiek amaitzeko aurreikusitako epea 18 hilabetekoa da. Ospitalearen funtzionamenduan ahalik eta eragin gutxien izan dezan, fase ezberdinetan egingo da.

Osakidetzak jakinarazi duen bezala, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko kirurgia-blokean, C eraikineko bigarren solairutik seigarrenera, 34 ebakuntza-gela daude. Gune hauek eremu kritikoak dira, ezinbestekoa baita tenperatura, barruko aire-kalitate eta hezetasun egokiak izatea infekzioak prebenitzeko funtsezko baldintza higienikoak bermatu ahal izateko, ingurumen kutsadura kontrolatzeko, eta pazienteen nahiz osasun-langileen pazienteen segurtasuna ziurtatzeko.

Orain kirurgia-blokea hornitzen duten bi klimatizagailu daude soilik ospitalean, bakoitza alde banatan. Proiektu honekin hamar klimatizagailu instalatuko dira, bina solairuko. Solairu bakoitzaren funtzionamendu independentea ahalbidetuko da eta, egon daitezkeen gertakizunak gorabehera, zerbitzua ematen jarraitu ahalko da. Gainera, klimatizagailu bat matxuratzen bada, besteak solairu-erdi mantendu dezake funtzionamenduan.

Energia-efizientzia eta efizientzia operatiboa hobetuko dira, solairu bakoitzaren funtzionamendu independentea bermatuko baita eta ustiapen-kostuak murriztuko baitira. Segurtasuna eta fidagarritasuna ere areagotuko dira, gailu baten matxurak ez baitu eraginik izango kirurgia-blokeko gainerako ataletan.

Airearen kalitate eta baldintza higienikoak egokiak izatea bermatuko da ebakuntza-gela nahiz giro kontrolatuko eremuetan. Inpaktu akustiko eta bisuala murriztuko dira, ekipoetarako inguratzaile berezi bat eta isigailuak jarriko baitira.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak sendotuko dute azpiegitura sanitarioen etengabeko hobekuntzarekin eta asistentzia- bikaintasunaren duten konpromisoa, eta nabarmenki hobetuko dira kirurgia-blokeko osasun-langileen eta pazienteen baldintzak.