Datorren asteartetik ostegunera bitartean, urduritasuna izango da nagusi datorren ikasturtean unibertsitatera sartu nahi diren ikasleentzat. Guztira, Euskal Autonomia Erkidegoko Batxilergoko 13.130 ikaslek eta Lanbide Heziketako goi mailako heziketa ziklo bat egin duten 853k Unibertsitatera Sartzeko Proba (USaP) hasiko dute ekainaren 3an, asteartean, Euskal Herriko Unibertsitatean. Guztizkoa, iazkoa (12.922) baino % 1,6 handiagoa da, orduan 12.922 matrikulatu baitziren USE egiteko. Nabarmentzekoa da LHko ikasleetan jasotako igoera, 662tik 815ra pasatu dira eta, hau da, % 23,11 gehiago.

Datorren astean USaP egingo duten Batxilergoko eta LHko ikasle horiek campuska banatzen baditugu, 1.782k egingo dute Arabako Campusean, 6.388k Bizkaikoan eta 4.912 Gipuzkoakoan. Beste 48 ez daude campus bati atxikita. Hizkuntzari dagokionez, ikasleen % 76,6 (10.060 ikasle) euskaraz egingo dute proba, eta % 23,4k (3.070) gaztelaniaz.

13.130 pertsona horiei aurreko ikasturteetako 509 ikasle gehitu behar zaizkie, nota igotzeko irakasgai espezifikoetara aurkezten direnak.

Premia bereziak dituzten Ikasleak

Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetako hezkuntza-premia bereziak dituzten 804 ikaslek egokitzapenak beharko dituzte Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazio-proba egiteko. Aurreko urteko ikasle kopuruari dagokionez (720), ikasturte honetan eskaerak % 11,6 gehitu dira.

USaP proba egiteko egokitzapenak indarrean dagoen araudiak aitortutako eskubidea dira, eta neurri horrek bermatzen du ikasle guztiek izango dutela proba egiteko aukera berdintasuna.

Sarbide probetako egokitzapen guztiak UPV/EHUko Desgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuak kudeatzen ditu ezarrita dagoen prozedurari jarraituz. Epaimahaiek proba egin aurretik egokitzapen guztien berri dute eta EHUren Sarbide-probetarako jardunbide egokien Gida ere eskuragarri dute egokitzapenen aplikaziorako.

Probak eta emaitzak

Ohi denez, USaP hiru egunetan egingo da, asteartetik, ekainak 3. Egun horretan bertan hasiko dira azterketak gainontzeko autonomia erkidego guztietan, Katalunian eta Kanarietan izan ezik.

Unibertsitatera Sartzeko Probak bi fase ditu: sarbidea eta onarpena. Sarbide faseak helburu hau du: ikasleek graduko unibertsitate-ikasketa ofizialak egiteko heldutasuna eta oinarrizko trebetasunak neurtzea. Honako bost azterketez osatuta dago: Gaztelania eta literatura; Euskara eta literatura (asteartean 2025eko USaP irekiko duen azterketa); Espainiako historia edo Filosofiaren historia; Lehenengo atzerriko hizkuntza; eta Batxilergoko 2. mailako modalitateko derrigorrezko gaia. Gai bakoitzak 0 eta 10 bitarteko nota jasoko du, eta fase honetan gehienez 10 atera daiteke.

Batxilergoko notaren eta fase orokorreko kalifikazioaren artean egindako batez besteko nota haztatuan (% 60 Batxilergoari edo Heziketa Zikloari dagokio eta % 40 sarbide faseari) 5 puntu edo gehiago lortuz gero proba gainditutzat joko da, baldin eta ikasleak sarbide fasean gutxienez 4 puntu lortu baditu.

Onarpen fasea borondatezkoa da, eta ikasleak beste 4 puntu lortu ahal ditu. Fase honetan ikasleak gehienez lau ikasgaitara aurkeztu ahal da, eta bakarrik hartzen dira kontuan baldin eta 5 baino gehiagoko nota atera badu. Ikasleak egin nahi duen gradurako onuragarrienak diren bi kalifikazio hartzen dira kontuan.

Azterketei dagokienez, aurten hasiko da ekainaren 11ko 534/2024 Errege Dekretuak ezarritako sarbide-proben eredu berria pixkanaka ezartzen. Besteak beste, eredu horrek ezartzen du galderen ehuneko batek (aurten, % 25ek) irakasgaian eskuratutako gaitasunak neurtzeko diseinatuta egon behar duela, eta pandemiaz geroztik aplikatzen zen hautazkotasun-maila murrizten duela.

Proben emaitzak ekainaren 11n argitaratuko dira.