Otsailaren 9tik 11ra bitartean, Gasteizko kaleak Umbra Light Festival jaialdia jasoko dute. Edizio hau, hirugarrena izango dena, 'Enpatia' lelopean ospatuko da, eta hiriko 23 instalazioetatik egingo du ibilbidea.

Argiaren artearen jaialdia hazi eta hedatu egingo da hirugarren edizio honetan hiriko kanpoko eta barruko espazioetan kokatuko diren esku-hartzeen eta artisten kopuru handiagoarekin.

Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak sustatu eta ARGIA 3 Kultur Elkarteak antolatutako jaialdia Estatuko eta nazioarteko erreferente bihurtu da argien artearen eta argien jaialdien arlo esperimentalean, teknologikoan eta sozialean, bi edizio arrakastatsu egin ostean.

Montehermoso Kulturunean egin da hitzorduaren aurkezpena, eta bertan izan dira Gorka Urtaran Gasteizko alkatea; Maider Etxebarria Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismoko zinegotzia; Jesús García de Cos Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Merkataritzako sailburuordea; Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapeneko foru diputatua eta Carlos Torrijos eta Rafael Gallego Umbra Light Festivaleko zuzendarikideak.

“Umbra Light Festival Vitoria-Gasteiz gure hirian egiten den ekitaldirik berritzaileenetakoa da, eta argiaren eta teknologiaren magiarekin lan egiten du. Lanek edertasun handiko estanpak uzten dizkigute eta gure egunerokoan bizi dauden gaien gaineko gogoeta egitera bultzatzen gaituzte. Gasteiztarrak gonbidatu nahi ditugu Umbra Light Festival jaialdiaren hirugarren edizioan parte hartzera, 20 proposamen artistiko baino gehiagorekin txundituta geratuko baitira”, adierazi du Maider Etxebarriak. Hain zuzen ere, Udaleko sail horrek babestu du jaialdia.

2023ko edizioko leloa ‘Enpatia’ da, altruismoarekin, maitasunarekin, kezkarekin eta laguntzeko gaitasunarekin estu lotuta dagoen emozioa. Egun oso beharrezkoa den asmoa da etorkizun jasangarria lortzeko, antolatzaileen arabera. Alde horretatik, komisarioen taldeak hautatutako artistei eskatu die haien argi-instalazioekin kontzeptu horretara hurbiltzeko hainbat moduren gaineko gogoeta egiteko eta hurbilketa hori sustatzeko, bisitariek gogoeta egin dezaten gizarte orekatuagoa lortzeko esku-hartze pertsonalak duen garrantziaren gainean.

Umbra Light Festival hiriko erdigune historikoan eta beste eremu esanguratsu batzuetan garatuko da, eta hainbat ibilbidetan egituratu. Aurten, Andre Mari Zuriaren plazatik abiatuz, jaialdia hego-mendebalderantz zabalduko da, Prado parkerantz; mendebalderantz, Europa Kongresu Jauregirantz eta, ekialderantz, Santa Barbara plazaraino.

Halaber, barnealdeko espazio berriak izango dira, hala nola Vital Fundazioaren Erakusketen Zentroa edo Europa Kongresu Jauregia, eta barnealdeko beste leku batzuk berreskuratuko dira, esaterako, Santa Maria katedraleko kripta eta Montehermoso Kulturuneko Ur Biltegia.

Erakundeak hainbat espazio ireki bilatu ditu, besteak beste, Prado Parkea edo Santa Barbara plaza, publiko gehiago sar dadin, eta erosotasuna izan dadin lehentasuna.

Artista gehiago

Umbra Light Festival Vitoria-Gasteiz jaialdiaren hirugarren edizioan 23 instalazio eta performance izango dira, orain arteko artisten eta esku-hartzeen kopururik handiena. Tokiko, Estatuko eta nazioarteko sortzaileak izango dira (Kanadakoak, Australiakoak, Europakoak…) eta horrek jaialdiaren eskaintza indartuko du pluraltasunean, ikuspegietan eta inpaktu emozionalean.

Umbra Light Festival Vitoria-Gasteiz jaialdiak 12 instalazio estreinatuko ditu primizian, aurten hautatutako obren erdia baino gehiago, eta argiztapen artistikoaren munduan etorkizuneko joerak markatzeko apustua egingo du.

Ikus daitezkeen instalazioen artean egongo da Kymatic figura, San Miguel elizaren atarian. Gheadak sortu du, Bilboko ikus-entzunezkoen estudio batek. Añanako gatza erabiliko dute eraikitzeko, Arabako Gatz Haranetik, munduko gatzagarik zaharrenetako batetik, ateratako gatza.

Instalazio horrek aukera emango die bertaratzen direnei zientzia zinetikoa esperimentatzeko (ale fineko material jakin batzuekin sortutako patroi geometrikoetatik abiatuta, soinu-uhinak ikustea), “tresna” interaktiboen bitartez.

Beste obra nabarmenetako bat Cloud da, eta Frai Francisco Vitoria kalean egongo da. Bonbillen “hodeiak” interakzioa izango du publikoarekin eta “tximistak” sortuko ditu bere gainazalean. Instalazio gehienek izango duten teknologia handiaren barruan, hau erabat analogikoa eta interaktiboa da, eta, hortaz, bitxikeria teknologikoa izango da. Caitlind Brown eta Wayne Garrett kanadarrek egindako sorkuntza da, eta Garage Museum of Contemporary Art para Art Experiment museorako enkargatu zieten 2013an.

Santa Barbara plazan, Lucid Creates kolektibo britainiarraren Exponential pieza nabarmenduko da, erakartzeko duen gaitasunarengatik. Exponentialek jende askok covid-19aren itxialdiaren garaian sentitu zuen nahasmenduaren eta kaosaren sentimendua adierazten du. Ispiluen kuboen gisa dago egituratuta, eta argiak, soinuak eta gogoetak sentsazio izugarria sortzen dute, klima-aldaketaren erronkei aurre egiteko eta hondamendi ekologikoak ekiditeko kolektiboan jarduteko beharraz gogoeta egitera bultzatuz.

Ordutegiak

Umbra Light Festival Vitoria-Gasteiz jaialdiko instalazioak otsailaren 9an, ostegunean, hilaren 10ean, ostiralean, eta hilaren 11n, larunbatean, egongo dira bisitagai 19:00etatik 22:00etara bitartean. Ordutegi bereziak egongo dira kasu hauetarako:

Andre Maria Zuriaren plazan dagoen 00 instalazioa. Musikarien eta perkusioaren performancea. Ordutegi hauetan orduro egingo dute hogei minutuko ikuskizuna: 19:30etik 19:50era / 20:30etik 20:50era / 21:30etik 21:50era / 22:30etik 22:50era

Vital Fundazioaren erakusketa-zentroa. Irekita egongo da goizez otsailaren 10ean, ostiralean, eta hilaren 11n, larunbatean, 10:30etik 13:30era, eta arratsaldez 17:00etatik 22:00etara, eta igandean, otsailaren 12an, 10:00etatik 14:00etara. Gainera, aurtengo edizioko berritasun gisa, gune horretako hiru instalazioez gozatzeko aukera egongo da otsailaren 26ra arte ohiko ordutegian.

Montehermoso Kulturuneko Ur Biltegian dagoen instalazioa bisitatzeko ordutegia 17:00etatik 22:00ak arte luzatuko da otsailaren 10ean, ostiralean, eta hilaren 11n, larunbatean.

Santa Maria katedraleko kripta. Katedralaren instalazioa bisitatzeko ordutegia 17:00etatik 22:00ak arte luzatuko da otsailaren 10ean, ostiralean, eta hilaren 11n, larunbatean.

Europa Kongresu Jauregiko instalazioa jendearentzat zabalik egongo da ostegunean, ostiralean eta larunbatean, 19:00etatik 23:00ak bitarte.

Kalejira Gasteizko kaleetan zehar ibiliko da 19:00etatik 23:00ak arte.

Aurreko edizioak

Umbra Light Festival Vitoria-Gasteiz erakargune bihurtu da gasteiztarrentzat, aire libreko ideien eta sorkuntzen museoaz gozatzeko aukera ematen baitie hiru egunez. 2019an 84.000 bisitari izan zituen, eta 2021ean, kopurua 107.000ra arte igo zen. Gauza bera gertatu zen hotelen okupazioarekin, 2019an % 78koa izan zen eta 2021ean % 95ekoa.

Lehen edizioko leloa ‘Argien hiriak. Hiretako paisaia berriak’’ izan zen, eta publikoak hiriko eguneroko paisaien hainbat ikuspegi eta paisaia harrigarri ikusi ahal izan zituen. Bigarren edizioko programazioak gizakiok ingurumenean dugun inpaktua nabarmendu zuen eta NBEk Agenda 2030en ezarritako “Garapen Jasangarriaren Helburuak (GJH)“ zabalduz etorkizun jasangarria garatzeko modua azpimarratu zuen. 2023an ere, jasangarritasunaren bilaketa eta sustapena jaialdiaren zuzendaritzak markatutako gai iraunkorra izango da.

Umbra Light Festival Vitoria-Gasteizek ILO Sustainability Manifesto, Argiztapen Jaialdien Nazioarteko Elkarteak (ILO) idatzitako argiztapen-jaialdien jasangarritasunaren aldeko manifestua, sinatu zuen Europako beste 20 argiztapen-jaialdi baino gehiagorekin batera.

Arlo horretan, aurtengo edizioan ahalegin handiagoa egin da:

Instalazio ia guztiak LED iturriekin eginda daude. Horrek kontsumoa % 50 murrizteko aukera eman du.

Erabiltzen den energia guztia “garbia” da, Artelan batek ere ez du energia-iturri gisa erregaia erabiltzen duen sorgailurik. Gure artelanetako batzuk kargatu daitezkeen bateria elektrikoekin eta eguzki-plakekin sortutako elektrizitatearekin elikatzen dira.

Erabilitako material guztiak birziklatu egin daitezke (papera, banderak, bonbillak, kableak, alokairuko ekipamendua…).

Digitalizazioan sinesten dugu: online mapa-gida estreinatu dugu eta webgunetik ikusi eta deskargatu daiteke programa.