Datorren ostiralean, abenduak 30, irekiko ditu ateak Laudioko Sant Rokezar zentro soziokulturalak, bertan egindako lanak amaitu ostean. Hala, udalerriko adineko pertsonek espazio honetara itzuli ahal izango dira. Horretarako, Udalak 84.869,44 euroko aurrekontua bideratu egin du.
Joan den martxoan, Laudioko Udalak 80 metro koadroko merkataritza-lokal zahar bat erosi zuen Karmengo Ama Birjinaren 22. zenbakiko eraikinaren beheko solairuan, lehendik dagoen erretiratuen zentroko bi lokalei atxikitzeko eta, horrela, egungo espazioa handitzeko. Orain, herriko adinekoek zentroa modu eroso eta seguruan erabil dezaten, Karmengo Ama kalera irekitako atean atari bat egokitu da.
Azpiegituraren kanpoaldea eta barrualdea ere berritu dira, eta leihate berriak ireki dira, lokalari argitasun handiagoa eta aireztapen hobea emateko. Era berean, azpiegituraren instalazio elektrikoa erabat ordezkatu da eta erradiadore berriak gehitu dira.
Bestalde, URA, Uraren Euskal Agentziak, hasi ditu Laudiotik igarotzean Nerbioi ibaiaren uholdeetatik babesteko lanak. Eta Altzarrate zubian hasi ditu, proiektuan aurreikusitako lehenengo fasean. Aurreikusitako lanak 1,3 kilometrotan zehar egingo dira, Altzarrateko zubitik 320 m ibaian behera hasi eta Goikoplaza kaleko 2. zenbakiraino.
Lanen bigarren fasea 2023ko otsailean hasiko da, Altzarrate zubiaren eta Fleming doktorearen kalearen artean. Tarte hori datorren urteko irailean amaitzea aurreikusten da, Zubiko zubiraino luzatuko den proiektuaren hirugarren faseari ekiteko. Ibaia bideratzeko lanen laugarren eta azken fasea 2024ko urtarrilean hasiko da, eta Goikoplazan amaituko da. URAk uste du lanak urte horretako apirilerako amaituko direla.
Obra horien bidez, ibaiaren hondoaren birprofilatua egiten da, batez beste metro bateko hondeaketa lanekin. Helburua ibaiari ahalmen hidrauliko handiagoa ematea da, ur-goraldien uholde-arriskuari eusteko, 100 urteko birgertatze-aldian. Zenbatetsitako ur-emaria 438 metro kubikokoa da segundoko. Lanek 4,3 milioi euroko aurrekontua dute guztira.