Síguenos en redes sociales:

Andre Maria Zuriaren jaiak "azken hamarkadako onenak" izan dira

Gasteizko Udalak Andre Maria Zuriaren jaien balantzea egin du asteazken honetan, eta "azken hamarkadako onenak" direla esan dute. Hala ere, Gorka Urtaran alkateak aitortu du ospakizunetan "puntu beltzak" daudela, eta horrekin emakumeen ziztadak, eraso homofoboak eta baimenik gabeko ukituak aipatu ditu. “Irmo gaitzesten ditugun aipatutako gertakari isolatuek soilik eragotzi dute ohorezko matrikularako jaiak izan direla adieraztea. Eguraldia ere alde izan dugu. Salbuespen txikiak kasu, gasteiztarrek eta bisitan etorri diren pertsonek maila eman dute eta ondo pasatzeko gogoz eta besteekiko errespetuz atera dira kalera. Eskerrak eman nahi dizkiet eta harro nago halako hiria izateaz”, adierazi du. Gorka Urtaranek eskerrak eman dizkie udaleko langile guztiei (udaltzainei, suhiltzaileei, Kulturari, Osasunari, Kirolei, zerbitzu elektrikoei, Tuvisari, etab.), kontratatutako enpresei, hiriko ostalaritzari eta, oro har, hornidura-zerbitzuei.

Bestalde, kultur zinegotziak honakoa adierazi du: “Jai bikainak izan dira parte-hartzearengatik, 400 ekitaldi baino gehiagok izan duten garapenarengatik, jaietako egitarauan sartu ditugun berrikuntzek funtzionatu duten moduagatik eta bakean, askatasunez eta ia jazoerarik gabe bizi ahal izan ditugulako. Gasteiztarrok eskerrak eman behar dizkiogu elkarri Andre Mari Zuriaren jaiak itzuli diren urtean, oro har, jokabide arduratsua eta errespetuzkoa erakutsi dugulako, eta hori nabarmentzeak merezi du”.

Jaietako ekitaldietako presentzia

Jaietako pregoia. Joseba Fiestrasen eskutik eta The Dublinersen tributu-kontzertua. Publikoak plazako 1.500 aulkiak bete zituen.

Zeledonen jaitsiera eta igoera. Andre Mari Zuriaren plaza eta inguruko kaleak betetzen dira urtero. 60.000 pertsona inguru bildu ziren jaien hasieran.Edurne eta Zeledon Txikiren jaitsiera. Urtetik urtera jende gehiago biltzen da Andre Mari Zuriaren plazan. 7an, 20.000 pertsona inguru joan ziren jaitsiera ospetsua ikustera.

Foru plaza. Bost kontzertu izan dira eta 43.500 ikusle izan dira. Tanxugueiras (9.000 pertsona), Mikel Erentxun (6.500), Rulo y la Contrabanda (10.000), Izaro (8.500) eta Talco (9.500).

Aihotz Plaza. 30.000 pertsona inguru igaro dira eremu horretatik bertako ikuskizunez gozatzeko: musika, dantza, trikitixa, bertsolariak, etab. Gauetako kontzertuak: Gozategi (2.000 pertsona), Olatz Salvador (500), Herrezian Zulo (700), Neomak (1.000).

Espainia plaza. 40.000 pertsona baino gehiago elkartu dira gauero eremu horretan 5 orkestra handiren ikuskizunak, Los 40 Classicen DJak eta Modestia aparteren kontzertua ikusteko.

Probintzia plaza. Eremu honetako ikuskizunen proposamenak askotarikoak eta berriak izan dira. Arrakasta izan dute 12.000 ikusletik gora izan baitira. Abuztuaren 6ko David Civeraren kontzertua nabarmendu behar da, 2.000 pertsona baino gehiago izan baitziren bertan.

Umorearen Txokoa (Prado parkea). 20.000 pertsonak baino gehiago, jaietako egitarauaren arrakastetako bat izan da, lekuz aldatu ostean. Umorista ezagunak izan dira, hala nola Sara Escudero, Sergio Arrospide, Antton Telleria, Joaquín Pajarón edo Leire Orbe. Nabarmentzekoa da abuztuaren 5ean bete egin zela, 5.000 ikusle baino gehiago elkartu baitziren Iñaki Urrutia eta JJ Vaquero ikusteko.

Abentura Txokoa (Arriaga parkea). 50.000 pertsona baino gehiago izan dira haurrentzako jolas-parke horretan. Kaia, urmaela, Rebebea edo mirarien sukaldea izan dira gehien erabili dituztenak.

Zezen suzkoak (Olagibel kalea). Egunero 8 zezen suzko erre dira eta 28.000 ikusle izan dira guztira.

Su artifizialak (Mendizabala). Jende gehien elkartzen den ekitaldietako bat da. Botoak zenbatu ondoren, datozen egunetan jakinaraziko da Ikuskizun Piroteknikoen Laginaren XVIII. Edizio honetan Gasteizko herritarrek zer pirotekniari eman dioten baloraziorik onena. 4 enpresak hartu dute parte.

Principal Antzokia. Ohi bezala, komedian oinarritutako hiru proposamen izan dira, interprete eta komiko ezagunekin.

Santiago Molero protagonista duen “Escape Room” antzezlanak 2.166 ikusle izan ditu, eta batez besteko bertaratzea % 78koa izan da.

Fernando Cayoren “El peligro de las buenas compañías” lanak 2.065 ikusle izan ditu.

Josema Yuste komiko ezagunaren “El aguafiestas” lanak 2.047 ikusle.

Festen aurretik, Mayumaná konpainiak dantza eta Currents perkusioaren ikuskizuna eskaini zuen, eta egindako 6 saioetan 3.917 ikusle izan ziren.