Hondakinak Prebenitzeko Europako Astea dela eta, Eibarko Udalak hondakinak modu sortzailean berrerabiltzea sustatzeko tailer ziklo bat jarriko du martxan. 'Berrerabili eta berrasmatu' izeneko ekimen hau azaroaren 20tik abenduaren 16ra bitartean ospatuko da, eta parte hartzeko izena emateko epea zabalik egongo da azaroaren 14ra arte.

Ekimenak Udalaren helburu estrategikoetako bati erantzuten dio, hots, jasangarritasuna nortasun-ezaugarrietako bat bihurtzea eta herritarrak eta herriko ekonomia- eta enpresa-sarea guztia inplikatzea. “Helburu hori lortzeko, besteak beste —adierazi du alkateak— hondakinen prebentzioa, berrerabilpena eta birziklapena sustatu behar da, sentsibilizazio-kanpainak eta ekintza zehatzak eginez herritarrei oro har eta sektore jakin batzuei zuzenduak”.

Aurkezpenean alkateak zera adierazi du: “Gaur egun birziklapena eta berrerabilpena ezinbestekoak dira ingurumenari izan behar diogun begirunearekin bat etorriko den garapen jasangarria lortzeko”. Eta hauxe gaineratu du: “Udala jakitun da neurriak hartu behar direla politika jasangarriagoak sustatzeko gizarte osoan txertatze aldera”.

Udala Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearekin bat egin izan du azken urteotan, kontsumoa murriztea, produktuak eta materialak berrerabiltzea eta birziklatzea sustatzeko ekintzak antolatuz. “Ekimenen artean —adierazi du Alberto Albistegui zinegotziak— hauexek egin dira: ingurumen-hezitzaileen saioak behar bezala birziklatzen irakasteko, kalean hondakinak gaika sailkatzeko erakustaldiak, Eibarko gaikako bilketari buruzko datuak, birziklatzearekin lotutako ikuskizunak, ikasleekin egindako tailerrak edo bigarren eskuko azokak.

Aurten, Hondakinak Prebenitzeko Europako Astea azaroaren 20tik 28ra bitartean ospatzen dela-eta, Udalaren Ingurumen Sailak, Egoaizia GGKEarekin eta herriko hainbat saltoki eta elkarterekin batera, zortzi tailer antolatu ditu erabiltzen ez diren materialak berrerabiltzeko/konpontzeko, hala, ekonomia zirkularra eta kontsumo arduratsua balioan jarriz.

Ekimen hau proiektu pilotu bat da, eta balioko du eibartarrek birziklatzeko, konpontzeko eta berrerabiltzeko tailerretan duten interesa baloratzeko, eta aztertzeko ea etorkizunean urtero tailerren programa bat martxan jartzerik dagoen online plataforma baten bidez.

Tailer hauen bidez, sustatu nahi dena da herritarrek bere sormena erabiltzea hondakinak berrerabiltzeko. Horretarako, hainbat teknika esperimentatu eta aplikatuko dira (lixatzea, bernizatzea, tapizatzea, jostea, etab.), eta horietatik abiatuta materialak (oihalak, plastikoa, papera, elikagaiak edo osagarriak) berrerabiliko dira eta panpina, prentsa, osagarri, altzari edo bestelako objektu bihurtuko.

Adinez nagusi den edonork parte har dezake eta plazak mugatuak direnez, izena eman behar da aldez aurretik udal webgunean eskuragarri dagoen formularioa betez https://formularioak.eibar.eus/es/berrerabiliberrasmatu (en castellano) o https://formularioak.eibar.eus/eu/berrerabiliberrasmatu . Izena emateko epea azaroaren 4tik 14ra artekoa da.

Sei tailer proiektuan parte hartzen duten komertzioetan bertan egingo dira, eta beste biak udal instalazioetan. ‘Txerritxo birziklatuak, egin itzazu zure jostailuak!’ 4 eta 10 urte bitarteko umeentzat da. Tailerrak euskaraz, gaztelaniaz edo bi hizkuntzatan egingo dira. Zikloa abenduaren 18an amaituko da Gabonetako Bigarren Eskuko Azoka batekin.

Egitasmoan parte hartuko duten establezimenduak hauexek dira: Ardilanak, Eskulan Tailerra, Eskusutxo, Farmacook, Harixan, Ludoteka Zorionak eta Debabarreneko Txirrindulari Elkartea. Gainera, tailer hauek antolatzeko, dirulaguntza bat eskatu zaio Eusko Jaurlaritzari ekonomia zirkularreko alorrean.