2021eko Soziometroaren emaitzak ezagutarazi egin ditu ostiral honetan Gasteizko Udalak. Azterketa honetan 1.150 gasteiztarrek baino gehiagok hartu dute parte azterketa honen hirugarren edizio honetan.

Azterlanetik atera daitekeen lehen ondorioa da Gasteizen bizi direnek nota bikaina ematen diotela hiriarekin, bizitzeko toki gisa, duten asebetetze mailari. Hain zuzen ere, 8,23ko balorazioa eman diote; 2020an erregistratutakoa, ordea, 8,02koa izan zen. Hiriak dituen alderdi positiboei dagokienez, inkesta egindakoek eremu berde eta pasealekuak eta zerbitzu publikoak nabarmendu dituzte, baita, oro har, bizi-kalitate ona ere.

Dokumentuak ekonomiari eskainitako blokea du, eta horren arabera, hiritarrek ekonomia pertsonalaren inguruan duten pertzepzioa nahiko positiboa da, 10etik 6,62 lortuta. Azterlanaren testuinguruan aztertu den beste gaietako bat izan da Gasteizerako lehentasunena. Eta, kasu horretan, inkestaren ondorioa izan da enpleguak eta ekonomiak izan behar dutela datozen urteetako jarduera-ildo nagusiak. Jarraian etorriko lirateke hirugarren adinekoen zaintza eta arreta, garraio publikoa eta hiri-mugikortasuna hobetzea eta auzoen arteko oreka, batez ere.

Gasteiztarrei hirirako proiektu berrien inguruan egiten duten balorazioa eta ezagutza maila zein den ere galdetu zaie. Arlo horretan, lortutako atxikimenduari dagokionez, honako hauek nabarmendu dira: Herrandarren kalearen etorkizuneko birgaitze integrala (7,27), kaltetutako eremuak berroneratzeko Ekoauzoak proiektua (7,25) eta tranbia Salburara eta Zabalganara zabaltzea (6,77). Balorazio baxuena jaso dutenen artean dago, aldiz, Iradier Arena berritzea (4,25).

Bestalde, Bus Elektriko Inteligenteari eskainitako atal bat ere badago. Garraio publikoaren etorkizuneko sistema horrek jendearen artean erabateko ezagutza maila du (%95,7), baina horren inguruko balorazioa zatituta dago, alde batetik proiektua onartzen dutenak (%44,4), eta bestetik, onartzen ez dutenak (48,1) eta %7,5ak ez du erantzunik eman nahi. Egoera horren ondorioz, desbideratze tipiko oso handia erregistratu da (3 puntu baino gehiagokoa), eta beraz, normalean baino polarizazio handiagoa erakusten du horrek. Balorazio negatiboaren motiboak, funtsean, BEA ezartzeko egin beharreko obrei eta zirkulazioan izango dituen ondorioei lotutakoak dira.

Mugikortasun arloan ere galdetu zaie gasteiztarrei zein den beren iritzia bizikletak espaloietatik ateratzeko Gobernuak aurkeztutako mugikortasuneko ordenantzaren proposamenaren inguruan. % 76 planteamenduarekin ados daude eta hiritarrek aldaketa hori errazteko txirrindularien azpiegitura-sarea hobetzen jarraitzea ere planteatu dute.