Abuztua heldu da eta Euskotrenen Burdinbidearen Euskal Museoak diesel trakziozko tren historikoen ohiko ibilbideak berreskuratuko ditu. Abuztuaren 3tik aurrera, asteartetik ostiralera (lanegunak) egunean irteera bi eskainiko dira —12:30ean eta 17:30ean—, Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museotik Lasaoko geltokiraino.

Lurrun-trenak egin ohi duen ibilbide berbera da, baina hori asteburuetan bakarrik egoten da martxan. Zehatz-mehatz, hau da datorren larunbat eta iganderako ordutegia:

— Larunbatean, uztailaren 31n (jaieguna Gipuzkoan): 11:30ean eta 12:30ean.

— Igandean, abuztuaren 1ean: 11:30ean eta 12:30ean.

Halaber, Burdinbidearen Euskal Museoak trenen zirkulazioaren eskaintza areagotu du, une oro Covid-19aren transmisioa ekiditeko indarrean dauden osasun-protokoloak betez.

Museoko instalazioen irekiera-ordutegia hau da udan:

— Asteartetik larunbatera: 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era.

— Igande eta jaiegunetan (astelehenak izan ezik): 10:30etik 14:00etara.

Gogoan izan behar da uztailaren 31, larunbata, Gipuzkoan jaieguna dela; beraz, goizeko ordutegian bakarrik irekiko da.

Burdinbidearen Euskal Museoak bere instalazioetan Europako trenbide bildumarik hoberenak ditu ikusgai, mota guztietako ibilgailuekin: lurrun, diesel eta elektrizitate bidez tren-makinak; automotoreak eta bagoi mota desberdinak.

Horrez gain, Euskadiko makina-erreminta multzo osoenetakoa eskaintzen du, Urolako Trenbidearen tailer mekanikoa izandakoaren bitartez, eta XIX. mendearen amaieratik trenetan erabilitako uniformeen erakusketa bikaina eta mundu osoko tren-arloko erloju-bilduma hoberenetakoa ere badauzka ikusgai.

Apirilaren 1etik, Burdinbidearen Euskal Museoan ikusgai dago trakzio mekanikoko lehen ibilgailuaren 125. urteurreneko argazki-erakusketa, Euskotren Sozietate Publikoak antolatuta. Erakusketa hori euskal trenbide-sektorearen une garrantzitsu horren berri emateko dibulgazio-ekintzen artean sartzen da. Lehen ibilgailu hura Bilbotik Santurtzirako tranbian izan zen, eta Espainiako lehenengoa izan zen trakzio elektrikoa erabiltzen.

Bisitariak eta langileak zaintzeko neurriak, Covid-19aren testuinguruan

Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoko bisitarien eta langileen segurtasuna bermatzeko helburuarekin, eta Covid-19ak eragindako egoeraren aurrean beharrezkoa den urruntze fisikoari eusteko, honako neurri aktibo eta pasibo hauek ezarri dira:

— Babes-manparak harreran.

— Hidrogel desinfektatzailearen banagailuak.

— Ibilbide erabat zirkularra izango duen zirkuitu bat sortzea, Museoko bisitariek atzera egitea eta aurretik daudenekin gurutzatu behar izatea saihesteko. Horretarako, geziak markatu dira zoruan, jarraitu beharreko bidea adierazteko.

— Edukiera murriztuko erakusketa-aretoak ixtea, distantzia sozial egokia bermatu ezin denean: tren-uniformeen eta -kronometriaren bildumak.

— Instalazioen garbiketa indartzea, Museoko bisitariek eta langileek manipulatu ditzaketen elementuetan arreta berezia jarriz.

— Beste edozein esparru publikotan bezala, nahitaez erabili behar dira maskarak Museoko instalazioetara sartzeko.