Javier Hurtado, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak, atzo adierazi zuenez, gaur egungo egoera pandemikoa gorabehera, oporrak planifikatu daitezke, baina uda "zuhurtasun handiz" igaro beharko dela aitortu zuen, birusa "gure artean baitago oraindik".

Hurtadok azken egunotako kutsatzeen gorakada izan zuen hizpide; ildo beretik, adierazi zuenez, "herritarrak oporren inguruko erabakiak atzeratzen ari dira". Hala ere, gogorarazi zuen mugikortasuna baimenduta dagoela gaur egun, eta, beraz, "udarako bidaiak planifikatu daitezke", osasun agintariek gomendatzen dituzten segurtasun neurri guztiak mantenduz.

Halaber, Hurtadok gogorarazi zuenez, 14 egunetan kutsatutako pertsonen intzidentzia ez ezik, ZIUen okupazioa edo txertoa jaso duen biztanleria kontuan hartu beharreko faktore garrantzitsuak dira murrizketak ezartzeko orduan; sailburuaren esanetan, egungo egoera pandemikoa "oso desberdina" da duela hainbat hilabete bizi genuen egoerarekin alderatzen badugu: "Ez da gauza bera orain dagoen tasa metatua kontuan hartzen badugu txertaketa prozesuaren erritmo ona eta ospitale-presioa nabarmen jaitsi dela", hala ere, Hurtadok azpimarratu zuenez, "birusa gurekin jarraitzen du; hortaz, uda osasun agintarien gomendioei kasu eginez igaro beharko dugu".

EAJren eta PSEren arteko Eusko Jaurlaritzaren barruko harremanari dagokionez, egindako lana goraipatu zuen Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak. Era berean, "normaltzat" jo zuen beste exekutiboekin "desadostasunak" izatea, baita Espainiar Estatuko gobernuarekin ere, eta "horri aurre egin eta hobetzeko lan egitearen" alde azaldu zen.

Orobat, Hurtadok ukatu zuen Eusko Jaurlaritzak aldebakartasunez jokatu izana: "Niretzat aldebakartasuna gehiengo absolutua lortzen denean eta alderdi bakar batek bere erabakiak besteei inposatzen dizkienean jazotzen da. Hemen bi alderdi ezberdin ados jartzeko eta puntu komun bat lortzeko eseri ziren", defendatu zuen.