Astearte honetan, ekainak 6, hasiko da Euskal Herriko Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioaren ezohiko deialdia. Iazko datuekin alderatuta, % 28 igo da matrikula deialdi honetan. Aurten 1.164 ikasle aurkeztuko dira (1.117 Batxilergokoak eta beste 47 Lanbide Heziketako goi mailako heziketa ziklokoak), eta iaz, aldiz, 905 ikasle aurkeztu ziren.

USE hiru egunetan zehar egingo da, ostegunera arte, hilak 8, UPV/EHUren hiru campusetan kokatutako bost epaimahaitan. Hain zuzen ere, Arabako Campuseko Elurreta eraikineko ikasgelategian; Bilboko Ingeniaritza Eskolan eta Gipuzkoako Campueseko Ignacio María Barriola zentroan.

Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioak bi fase ditu: sarbidea eta onarpena. Sarbide faseak helburu hau du: ikasleek graduko unibertsitate-ikasketa ofizialak egiteko heldutasuna eta oinarrizko trebetasunak neurtzea. Honako bost azterketez osatuta dago: Gaztelania eta literatura; Euskara eta literatura (bihar USE ezohikoa irekiko duen azterketa); Espainiako historia; lehenengo atzerriko hizkuntza; eta Batxilergoko 2. mailako modalitateko derrigorrezko gaia. Gai bakoitzak 0 eta 10 bitarteko nota jasoko du, eta fase honetan gehienez 10 atera daiteke.

Batxilergoko notaren eta fase orokorreko kalifikazioaren artean egindako batez besteko nota haztatuan (% 60 Batxilergoari edo Heziketa Zikloari dagokio eta % 40 fase orokorrari) 5 puntu edo gehiago lortuz gero proba gainditutzat joko da, baldin eta ikasleak fase orokorrean gutxienez 4 puntu lortu baditu.

Onarpen fasea borondatezkoa da Ikasleak edozein irakasgai aukeratu ahal du Batxilergoko bigarren mailako enborreko aukerazko irakasgaien artean, gehienez, lau. Nota igotzeko ere balio ahal dute sarbide fasean egindako irakasgaietako batzuek.

USE AZTERKETAK BERREGITURATZEA

Covid-19aren pandemiak sortu duen ezohiko egoera dela eta, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Hezkuntza Sailak adostu dute 2020an ezarritako USEko gaien azterketak berregituratzea mantenduko dela.

Funtsean, berregituraketa datza azterketa bakoitzaren hautazkotasuna handitzean, aukera emanez nahasteko, modu ordenatuan eta galdera bakoitzaren puntuazioaren arabera, azterketa bakoitzaren A eta B aukeretako galderak. Ereduak, orientabideak eta ebaluazio eta zuzenketa irizpideak ikasturte hasieran ezarri ziren, eta probarako erabiltzen ohi direnak dira.

SEGURTASUN NEURRIAK

Higiene, osasun eta antolakuntza neurriak jasotzen dituen protokoloa ere prestatu da, probetan parte hartzen duten guztiek errespetatu behar dituztenak.

Hortaz, parte hartzaile bakoitzak azterketa egiteko materiala eraman beharko du (bolaluma, erregelak, kalkulagailua…), eta une oro mantendu beharko du ezarritako gutxieneko segurtasun distantzia. Maskara etengabe erabiltzea ere derrigorrezkoa izango da. Pertsona guztiek eskuak garbituko dituzte ikasgelara sartu aurretik, uraz eta xaboiaz edo sarreran ipiniko diren ontzietako gel edo soluzio hidroalkoholikoaz. Betiere dagokion epaimahaiaren presidente edota idazkariak emandako jarraibideak jarraitu behar izango dira.