Euskal Herriko Unibertsitatea

Entzuteko desgaitasuna duten ikasleen alde egin du UPV/EHUk

15.06.2021 | 12:53
Ekainaren 14an ospatu egin da Zeinu Hizkuntzaren Egun Nazionala.

Euskal Herriko Unibertsitateak entzuteko desgaitasuna duten ikasleentzako aukera berdintasuna bermatzen duela gogorarazi nahi izan du astelehen honetan, ekainak 14, ospatu egin den Zeinu Hizkuntzaren Egun Nazionala dela eta.

Euskal Herriko Unibertsitateko Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuan 2020/2021 ikasturte akademikoan erroldatutako 463 ikasleetatik 23 dira entzuteko desgaitasuna dutenak (14 emakume eta 9 gizon). Ikasle horiek entzuteko desgaitasun maila bat edo beste dute eta, horren arabera, Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuak egokitzapenak egiten ditu edo baliabideak eskaintzen ditu; tartean, fonendoskopio elektrikoa Medikuntzako ikasleentzat, FM igorgailua, ikus-entzunezko materiala egokitzea (azpitituluak edo zeinu hizkuntza), apunteak osatzeko laguntza, azterketetarako eserleku erreserbatua (kutsadura akustikoa saihesteko eta informazioa hobeto atzemateko) eta azterketak egiteko denbora gehiago ematea. Gainera, Euskal Herriko Unibertsitateak zeinu hizkuntzako bi interprete ditu plantillan. 2020/2021 ikasturtean, doktorego programan matrikulatuta dagoen ikasle gor bati eman diote zerbitzua.

Bestalde, Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzua lankidetza estuan aritzen da Euskal Gorrak erakundearekin. 2020/2021 ikasturte akademikoan, 'Ikasi zeinu hizkuntza' izenburuarekin, zenbait onlineko ikastaro antolatu ziren. Euskal Gorrakeko irakasleek eman zituzten, eta Euskal Herriko Unibertsitateko hiru campuseko graduko eta graduondoko ikasleentzako izan ziren. Orain dela bi urtetik hona, ikastaro hori bera irakasleei ere ematen zaie. Unibertsitateak prestakuntza eta sentsibilizazio lanak egiten ditu denon gizarte inklusioa errazteko eta denon aukera berdintasuna bermatzeko. Bada, ikastaro horiek lanon barruan sartzen dira. Horrez gain, Euskal Gorrakek zeinu hizkuntzako interpretazio zerbitzuak eman zituen 2020/2021 ikasturte akademikoaren irekiera ofizialean.

Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreorde Fernando Tapiak adierazi duenez, "hezkuntza premia bereziak dauzkaten pertsonak goi mailako hezkuntzara iritsi behar dira eta gainerako ikasleek dituzten baldintza berberetan ikasi behar dute unibertsitatean; hori bermatzeko betebehar morala eta legezkoa dugu. Euskal Herriko Unibertsitatearen arduradunoi oso garrantzitsua iruditzen zaigu zeinu hizkuntzaren egunarekin bat egitea, aukera berdintasuna eta inklusioa sustatzearekin zerikusia baitu, eta entzuteko desgaitasuna duten pertsonek eta gorrek gure jarduketa eremu guztietan parte hartzea ere bai".

Euskal Herriko Unibertsitateak unibertsitate irekia eta sozialki arduratsua izan nahi du, eta prest egon nahi du gizartean sortzen diren eskaerei eta beharrei erantzuteko. Horrela, konpromiso berezia du desgaitasunak dituzten ikasleen eta, oro har, entzuteko behar bereziak dituzten ikasleen aukera berdintasunarekiko eta ikasleon arreta hobetzearekiko. Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuak hiru campusetan ditu langileak, pertsona horiei arreta emateko, desgaitasuna ez baita unibertsitate ikasketak egiteko inolako oztopo. Helburu hori, bada, are nabarmenagoa da gaur, ekainaren 14an, Zeinu Hizkuntzen Egun Nazionalean.

 
noticias de deia