Frantziako Konstituzio kontseiluak murgiltze irakaskuntza legez kanpokoa dela ebatzi izanak aspaldian ikusi gabeko tentsioa, ezinegona eta erreakzio soka luzea ekarri du. Hizkuntza gutxituen aldeko lege berriak gehiengoa lortu arren Asanblea Nazionala eta eskuina nagusi den Senatuan, Macronek ez zuen testua promulgatu bi asteko epean. Bere aldeko zenbait diputatuk aukera hori erabili zuten helegitea aurkezteko Konstituzio kontseiluan. Batzuek beren izena kentzeko eskatu zuten geroago gezurretan aritu zitzaizkielakoan baina ezin izan zuten atzera egin. Helegitea Hezkuntza ministroaren laguntzaile batek idatzi izanak haserre gorria piztu du ere. Gertatutakoa salatzeko, euskaltzaleek elkarretaratzea deitu dute gaurko 16:00tan Baionan, Lauga kiroldegian.

Ordezkari errepublikarrak eta sozialistak dauden Konstituzio kontseiluak emandako ebazpenaren arabera murgiltze irakaskuntzak ez du bat egiten Frantziako legediarekin bertako hizkuntza frantsesa dela diolako Konstituzioaren bigarren artikuluak. Ebazpena jakin bezain laster Macronek testua sinatu zuen legebiltzarkideen irakurraldi berriari atea hetsiz.

“Ez genuen uste horrelakorik gertatzea. Ebazpen biziki bortitza eta zorrotza da, eta orain ez dakigu batere zer gertatuko den sare publikoan ireki nahi ditugun murgiltze hiru ikasgelekin. Sare katolikoak ikasgela berria nahi du ere. Bi sareen artean osoki euskaraz ari diren 40 gela dauzkagu” dio Marie Andrée Ouret Biga Bai elkarteko bozeramaileak. “Lanean segituko dugu segurtasunik gabe baina aintzina joko dugu gure 4.100 ikasleekin. Laster gure hogeita hemezortzigarren ikastolak ateak irekiko ditu Bardotzen” gehitu du Peio Jorajuria Seaskaren presidenteak. “Ezin ulertua da gertatu dena: ministro batek bere kideak horrela instrumentalizatzea. Erantzun ekintzaile eta ideologikoa eman digute” bota du Antton Curutcharry Euskararen Erakunde Publikoaren presidenteak.

Ipar Euskal Herriko erakunde publiko eta legebiltzarkide guziek mozio bat sinatu dute aterabide politikoa eskatzeko. “Erabaki patetikoa da. Ipar Euskal Herriko egoera soziolinguistikoaren kontuan hartzen ez duen ikusmolde atzerakoia. Jakobinoa, zentralista eta uniformista” bota du Andde Sainte Marie Akitania Berria eskualdeko kontseilariak.

Frantziako estatuko lurralde askotan piztu den haserrea ikusiz, eta kontuan hartuz ekainak 20 eta 27 eskualdeetako hauteskundeak eginen direla, Emmanuel Macron presidenteak berak hitza hartu du gaiari buruz. “Frantziako hizkuntzak altxor nazionala dira eta bertako kultura aberasten dute. Seaska bezalako egiturek hizkuntza biziarazten eta etorkizuna bermatzen dute, eta ez du ezerk boluntarioen lana geldituko. Beren lurraldea, Frantzia eta unibertsala gustukoa dute” dio Macronek. “Zuzenbideak aukerak eman behar ditu, eta ez ito, Frantzia anitza da”. Errepublikaren presidente gisa, frantsesaz gain hizkuntza gutxituak ere zaindu behar dituela adierazi du eta horregatik, gobernuari eta legebiltzarrari eskatu die hizkuntza aniztasunaren transmisioa bermatzeko aukerak bilatzea.

Giroa lasaitu

Jean René Etchegaray Euskal Hirigune Elkargoaren presidenteak uste du Macronek giroa lasaitu nahi duela baina deitoratu du ez duela inolako bermerik eskaintzen.

“Gure haserrea Eliseo jauregiraino iritsi da. Macronek Seaska aipatu du baina ez du zehaztu zer eginen duen sare publiko eta katolikoan dauden murgiltze 40 ikasgelekin. Aterabidea Parisen aurkitu behar dute” gehitu du Curutcharryk.

Bere aldetik, Jean Castex lehen ministroak argitu du irailean hasiko den ikasturtean ez dela inolako aldaketarik izanen Seaska bezalako egiturentzat. Errepublikarentzat hizkuntza gutxituak aukera baikorra direla uste du eta bi diputaturi misioa aginduko die Konstituzio kontseiluaren ebazpenaren ondorioak argitzeko. Lehen ministroaren hitzetan euskara bezalako hizkuntza gutxituak Frantziako nazioaren ondarearen parte dira Konstituzioaren arabera. “2008an aldaketa bikaina egin zen hori lortzeko eta kontrako jarrerarik ez dago lurraldeetako mintzairen eta errepublikaren hizkuntzaren artean” zehaztu du egunotan senatuan eta asanblea nazionalean egindako hitzaldietan.

Charline Claveau Okzitanieraren Erakunde Publikoaren presidentearen ustez hizkuntza gutxituen benetako lege babesa eta aitortzari buruzko eztabaida berriz zabaldu behar litzateke gaur egungo konstituzioarekin ezin baita urratsik egin. Dena den, artikulu hori aldatzea zaila iduritzen zaionez, Jean Jacques Lasserre Pirineo Atlantikoetako departamenduko presidenteak “4 D” legearen baitan esperimentazioa egiteko eskubidea eskatuko die Errepublikako presidenteari eta lehen ministroari. “Parisen ez dute tokiko egoera ezagutzen. Lege eta asmo burutsuek ez dute Frantziaren batasuna zalantzan ematen”.

Mobilizazioa

Gertatutakoa salatzeko, euskaltzaleek elkarretaratzea deitu dute gaur, 16:00tan, Baionako Lauga kiroldegian.

Ezustea

“Ez genuen uste horrelakorik gertatzea. Ebazpen biziki bortitza eta zorrotza da, eta orain ez dakigu batere zer gertatuko den sare publikoan ireki nahi ditugun murgiltze hiru ikasgelekin” dio Marie Andrée Ouret Biga Bai elkarteko bozeramaileak

Ezin ulertua

“Ezin ulertua da gertatu dena: ministro batek bere kideak horrela instrumentalizatzea. Erantzun ekintzaile eta ideologikoa eman digute” bota du Antton Curutcharry Euskararen Erakunde Publikoaren presidenteak.

Lasaitu nahia

Jean René Etchegaray Euskal Hirigune Elkargoaren presidenteak uste du Macronek giroa lasaitu nahi duela baina deitoratu du ez duela inolako bermerik eskaintzen.

IBB

Ipar Buru Ba-tzarrak salatzen du frantses Estatuaren erakundeen ezintasuna Frantziako ainiztasun kulturaren gaia aintzinarazteko. Peio Etxelekuk deitzen du gaur burutuko den manifestazioan parte hartzera.