BILBO. José Antonio Mayoralek Nekane Balluerka ordezkatuko du unibertsitateen G-9ren burutzan. Zaragozako Unibertsitateko errektoreak kargua hartuko du ekainaren 30era arte, taldearen estatutuetan jasota dagoenez, presidentetzan taldeko 9 errektoreak txandakatu egin behar baitira.

Seihileko honetako presidentea Oviedoko Unibertsitateko errektorea izan behar zen, baina erakundea hauteskunde prozesu batean dagoenez, kargua Zaragozako Unibertsitateko errektoreak hartzea erabaki zen -hari zegokion urte honetako bigarren seihilekoaren presidentetza-. Hori horrela, Oviedoko Unibertsitatea 2021eko uztailetik abendura izango da unibertsitateen G-9ren buru, eta, gero, 2022an, ohiko txandei jarraituko zaie.

Topaketan, gainera, Gaztela-Mantxako Unibertsitateko, Euskal Herriko Unibertsitateko eta Errioxako Unibertsitateko errektore berriei ongietorria egin zitzaien, eta adostu zen presidentetza berak mantentzea sektore batzordeetan; hau da, errektore berriek beren gain hartuko dute aurrekoaren esku zegoen batzordeko presidentetza. Gainera, Espainiako unibertsitateei eragiten dieten gaurkotasuneko gaiak jorratu zituzten.

José Antonio Mayoral kimika organikoko katedraduna da Zaragozako Unibertsitatean.

Katalisiaren eta kimika jasangarriaren eremuan ikertzen du eta, gaur egun, hondakin eta lehengai berriztagarriak ekonomia zirkularraren esparruan erabiltzearen arloan dihardu lanean.

UNIBERTSITATEEN G-9 TALDEA

Unibertsitateen G9 taldea (G-9) 1997an eratutako elkarte bat da, eta dagokien autonomia erkidegoan bakarrak diren Espainiako unibertsitate publikoak dira bertako kide: Kantabriakoa, Gaztela-Mantxakoa, Extremadurakoa, Balear Uharteetakoa, Errioxakoa, Oviedokoa, Euskal Herriko Unibertsitatea, Nafarroako publikoa eta Zaragozakoa.

Elkartearen xedea da taldeko unibertsitate erakundeen arteko harremanak bultzatzea, unibertsitate erkidego bakoitzeko irakaskuntza eta ikerketa jardueretan parte hartzea sustatzeko, besteak beste.