TOLOSA. Tolosako Udalak Informatika eta Gizarte Zerbitzuen sailak indartzeko erabakia hartu du hasi berri den urte honetan, herritarren beharrei ahalik eta modu eraginkorrenean erantzuteko helburuarekin. Udalak egindako inbertsio soziala % 9 igoko da baita ere aurreko ekitaldiarekin alderatuta eta, beraz, hainbat prestazio eta gizarte zerbitzu areagotuko dira: larrialdietarako laguntzak, familientzako laguntzak, familia eskuhartzea eta etxez-etxeko zerbitzua indartu dira, besteak beste.

LANGABEZIAN DAUDEN PERTSONAK KONTRATATZEKO AHALEGIN BEREZIA

Aurtengo aurrekontu proiektuan jaso da baita ere langabezian dauden 4 pertsona kontratatzea, horietako bi 30 urte azpikoak herritarrei lan aukera berriak eskaintzeko, are eta gehiago egungo testuinguruan. Hortaz, 2021 urte honetan langabezian dauden pertsonak kontratatzeko ahalegin berezia egin du Udalak.

EGOERARA EGOKITUZ ETA EGOERARI ERANTZUTEKO BALIABIDEAK JARRIZ

Pandemiak gizarte beharrak areagotu ditu eta lan egiteko modu berriak ezarri. Eta horregatik, Gizarte Zerbitzuen alorra eta informatika alorra indartu nahi izan ditu Udalak, herritarren beharrei modu egokiagoan erantzuteko eta herritarrei zerbitzu egokiagoa emateko.

Gazte Planaren barruan, urte beterako, 2 pertsona kontratatu ditu udalak, esan bezala, Gizarte Zerbitzuen saila eta Informatika alorra indartzeko eta sendotzeko helburuarekin: gizarte langile bat eta informatikari bat. Eta Eskualdeko Enplegu Planaren baitan, 2 peoi ere kontratatu dira.

Kontratazio horien bitartez Udalak momentu honetan ezinbestekoak diren alorrak indartu nahi izan ditu eta esan bezala, langabezian dauden herritarrei aukera berriak eskaini.

Administrazioa garai berrietara egokitzea ere ezinbesteko da, eta egokitzapen prozesu hori azkartu egin du pandemiak. Iaz, Udalak lan egiteko modu berriak ezarri behar izan zituen itxialdi garaian, egoerara egokituz, modu telematikoan herritarrei zerbitzua eskaintzen jarraitzeko.

Digitalizazioa errealitate bat da jada, horregatik, administrazio elektronikoan sakondu eta herritarrak modu telematikoan artatzeko urratsak egiten jarraitzeko kontratatu da informatikaria. Modu honetara, herritarrei zerbitzu hobea eta eraginkorragoa eskaintzea da asmoa, pertsonak erdigunean jarrita, herritarren beharrei modurik egokienean erantzuteko.