BILBO. Euskal Herriko Unibertsitateko Ezgaitasunak dituzten Pertsonen Zerbitzuak antolatutako Izaskun Heras Prado Sariaren laugarren edizioak baditu irabazleak. Izar Agirretxe eta Olaia Salgueiroren Master Amaierako Lanak izan dira sarituak deialdi honetan, hezkuntza inklusiboaren esparruan egindako lanengatik.

Izar Agirretxe Iradi ikasleak lortu du lehen saria, honako izenburua duen lanarekin: «Gorputz adierazpena testuinguru inklusiboak sortzeko tresna gisa». «Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzako Irakasleen Prestakuntza» Masterreko ikasketak egin ditu ikasleak.

Olaia Salgueiro Barquín ikasleak lortu du bigarren saria, «Estudio de la implantación del plan marco de atención temprana. Análisis métrico y sustantivo de las pruebas EODI» lanarekin. Psikodidaktika: «Hezkuntzaren Psikologia eta Berariazko Didaktikak» Masterreko ikasketak egin ditu ikasleak.

Kalitatea, adierazgarritasuna, inklusioaren ikuspegitik ikasteko aukerak ulertzeko moduan paradigma aldaketa bat proposatzea eta gizarte eragina izan dira bi lanak saritzeko arrazoiak.

Epaimahaia honakoek osatu dute: Edurne Aranguren Vigo, Igone Arostegui Barandica eta Eider Pascual Sagastizabal irakasleek, Laura Alonso Ameyugo masterreko ikasketetako ikasleak, Ane Amondarain Rodríguez eta Ander Azkarate Morales Ezgaitasun Zerbitzuko teknikariek eta Montse Maritxalar Anglada ikasleen arloko zuzendariak.

Izar Agirretxe Iradik dio: "Joan den ikasturtean amaieran Gorputz adierazpena testuinguru inklusiboak sortzeko tresna gisa izaneko Master Amaierako Lana gauzatu nuen. Artean, Irakaskuntzako Masterra ikasten ari nintzen, eta praktikak egitea egokitu zitzaidan eskolako ikasleak ezagutzerakoan, normala den bezala, gaitasun eta behar ezberdinak zituzten kideekin egin nuen topo. Ikusiak ikusirik, ikasle bakoitza irakasleok proposatutako testuinguruetara egokitu beharrean, testuingurua bera klaseko errealitatera egokitzeko ahalegina egin nuen; izan ere, beharrezkoa iruditzen zait hezkuntza aukera berdintasunaren eta parekidetasunaren printzipioetan oinarritzeaz gain, aniztasuna aberastasun modura ulertzea. Izaskun Heras Prado ez nuen ezagutu, egia esan, bere historiaren berri izan nuenean pertsona benetan eredugarria iruditu zitzaidan; gainera, garrantzitsua iruditzen zait honelako sarien existentzia, guztiontzat behar lukeen mundua eraikitze bidean inklusioaren gaia sozializatzen zein ikusarazten laguntzen baitute".

Olaia Salgueiro Barquínek aldiz honakoa dio: "Arreta Goiztiarra aipatzen duzunean, nahi baino maizago, «arazoak», «zailtasunak» eta «mugak» hitzak azaltzen dira, besteak beste. Barregura ematen dit, izan ere, nire ustez€ Ez dago muga handiagorik normaltasun konplexuaren atzean dagoena baino. Horixe da gainditu behar dugun lehenengo muga aukera berdintasunaren aldeko heziketa emateko. Hau da, pertsonenganako itxaropen justuak sortzeko".