DONOSTIA. Koronabirusaren pandemiaren krisialdiak merkataritza eta ostalaritzaren sektoreetan eragindako kalte ekonomikoak gutxitzeko asmoz, Donostiako Udalak salgai jarri ditu bi sektore horietako establezimenduetan erabiltzeko online-deskontu bonuak.

% 30eko deskontua eskaintzen duten deskontu-bonuak dira, eta bezeroak 10 euroko bonoa lortzen du hiriko taberna eta jatetxeetan kontsumitzeko, 7 euro soilik ordainduta. Kontsumoko bonuak online plataforman erosi ahal izango dira.

Marisol Garmendiak, Sustapen Ekonomikoko zinegotziak, adierazi zuenez "Udala kontziente da pandemiak bereziki sentibera den sektore bati, ostalaritzari, eragiten dizkion zailtasunez. Sektore hori biziberritzeko, negozioen biziraupena bermatzeko eta, jakina, sortzen duten enplegua bermatzeko programak eta laguntzak ezartzen ari gara".

Bonuak online erosi beharko dira hautatutako establezimendu bakoitzarentzat, eta bezeroa jarri beharko da establezimenduarekin harremanetan hura bertan kontsumitzeko edo eskaera lokalean jaso eta etxera eramateko.

Erosteko, hurrengo prozedura jarraitu behar izango da:

  • Zein establezimendutan kontsumitu nahi duzun aukeratu (bat edo gehiago). Auzoaren edo establezimenduaren arabera edo bilatzailean izena sartuta bila dezakezu.
  • Aukeratu establezimendu bakoitzeko erosi nahi dituzun 10 euroko bonuen kopurua.
  • Erosteko orduan, 10 euroko bonu bakoitzeko 3€ deskontatuko dira, beraz, bonu bakoitzaren zenbatekoa 7 eurokoa izango da guztira, eta establezimenduak 10€ jasoko ditu. Establezimendu bakoitzeko nahi adina bonu erosi ahal izango dituzu.
  • Zure kodearekin erositako bonuak berresten dituen mezu bat jasoko duzu zure posta elektronikoan. Ostalari bakoitzak e-posta bera jasoko du kontsumitzen duzunean trukea berresteko.
  • Establezimendu bat baino gehiagoko bonuak aldi berean eros ditzakezu eta, gero, ongi datorkizunean erabili bakoitza.
  • Zuk erabaki eskaera egin eta han jaso edo tokian bertan kontsumitu nahi duzun.
  • 3 hilabeteko epea duzu bonuak erabiltzeko.