Neguburua hurbiltzen den arren, aurten, ezin da desfile edo biltzar handirik ospatu Olentzeroren inguruan. Halere, pandemia garaian ere ikazkin maitagarriak tokia izan dezan, Olentzeroren Lagunak elkarteak hiztegi-liburuxka argitaratu eta banatu du. "Urte guziz bezala eguberri ospatu nahi dugu. Plazetan ezin dugu ibili baina presentzia bermatu nahi dugu" dio Aitzol Salaberria elkarteko kideak. "Liburuxkaren 30.000 ale atera eta herena Iruñerrian banatu dugu, besteak Ipar Euskal Herrian euskaraz ari diren ama, eskola eta lehen hezkuntzako ikasleen artean. Seaska, Biga Bai eta Euskal Haziak sareen laguntza izan dugu horretarako". Maritxu Leizagoien hiztegiaren egileari garrantzitsua iduritzen zaio sareak elkarrekin aritzea denek helburu bera baitute: euskara ikasi eta erabiltzea, alegia. "Olentzerori buruzko hiztegia eskoletan lantzeaz gain, gero haurrek burasoekin aipa dezakete. Estekak daude, QR kodigoak, ikazkina zehatz nor den azaltzen dugu euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz burasoek ere dena uler dezaten. Jokoak ilobekin asmatu ditut". Paperezko argitalpenaz gain, elkartearen webgunean bertsio digitala eskaintzen dute ere.

Olentzerozaleek argi dute ikazkina behar den bezala aipatu behar dela. "Ez da Euskal Herriko bizar xuri. Badu bere historia, kultura, eta mintzaira, euskara. Mitologian kokatzen da baina sinpleki esplikatu behar da" zehaztu du Salaberriak. Lesaka eta Tolosan ezaguna den jaia Hendaiara hedatu zen 40ko hamarkadan. 1970tik landa, Ipar Euskal Herri osora hedatu zen ere ikastolen garapenari esker. "Oparirik ez dago baina beti bada trukaketa, argia, goxoki banaketa. Haurrek ongi etorria ematen diote kantuz. Zergatik baztertu behar dugu? Ez, biziari behar dugu".

Aitzol Salaberriak badaki zertaz ari den zenbait lagunekin Olentzero biziarazten baitu eskolaz eskola ibiliz. Lehen agerraldia, Angeluko Stella Maris eskolan egin zuen duela gutxi eta mutur beltza izanagatik gazteek ongi etorri ezin hobea eman zioten eguzkia sekulan ez dela itzaliko bermatzen duenari. Egunotan magia gehiago zabaltzen dute, besteak beste, Sohüta, Lartzabale eta Sara aldean. Desfile edo biltzar handirik ez, baina betiko lilura ikus liteke haurren begietan ikazkina ikasgelaz ikasgela dabilelarik ia 30 gunetan. Aurten, Olen-tzero hortzetan piparik gabe dabil musukoa jantzita dauka eta!