Euskal Autonomia Erkidegoan euskara maila ona duten euskal herritar berrien (etorkinen) kopurua %6,1a da. Hala ere, Hezkuntza sisteman dauden gazteek euskararen ezagutza handiagoa dute. Gainera, herri txikietan, inklusiorako joera handiagoa dago hiri handietan baino. Datu hauek eta beste asko gehiago ezagu-tzera eman ziren atzo, Sabino Arana Fundazioak eta Euskaltzaindiak Immigrazioa eta Euskera. Elkar ezagutu, elkar onartzeko lelopean antolatutako jardunaldian,

Euskara, dibertsitate eta migrazio alorretako adituen ekarpenak eta euskara etorkinengana hurbiltzeko xedez hainbat euskal udalerritan garatzen ari diren tokiko ekimenak azaldu ziren atzo Sabino Arana Fundazioaren egoitzan, hitzaldi eta mahai-inguruen bidez.

Mireia Zarate Sabino Arana Fundazioko presidenteak sarrera hitzaldian gogoratu zuen immigrazioari buruzko beste mintegi bat antolatu zutela elkarlanean 2019an Fundazioak eta Euskaltzaindiak, “gurean diren hizkuntzen arteko bizikidetzaren inguruko alderdiez gogoeta egiteko helburuz, euskararen ikuspegitik betiere”.

Mintegiko lehen hitzaldian, Begirune Fundazioko José Antonio Oleagak inklusioaren eta gizarteratzearen arloan gauzatzen ari diren zenbait politika publiko azaldu zituen, bai eta euskarak testuinguru horretan duen lekua ere. Oleagak Oleagak gogoratu zuen euskal herritarra izateko “modu asko daudela, eta etorkizunean ere hala izanen dela”.

Bere aldetik, Xabier Aierdi Begirune Fundazioko kideak ideia bat azpimarratu zuen behin eta berriz, hots, immigrazioa serio hartu behar dugula, udal plangintza guztietan kontuan izanez, egoera berriari aurre egiteko teknikariak kontratatuz eta abar.

Enara Eizagirre eta Edurne Urrestarazu ikertzaileek herri euskaldunetan bizi diren migratzaile erdaldunen bizipen eta iritziei buruz jardun zuten. Azpeitia, Baztan, Berastegi, Dima, Etxarri-Aranatz, Igantzi, Ikaztegieta, Lekeitio, Mutriku, Muxika, Ondarroa, Oñati eta Orion eginiko inkestaren emaitzak plazaratu zituzten ikertzaileek.

Jardunaldiaren bigarren atalean, udal ordezkariek tokian tokiko esperientziak mahairatu zituzten. Atal horretan, ondokoen testigantzak en-tzuteko aukera izan zen: Ainara Ormaetxea Ordiziako Udaleko migrazio eta aniztasun teknikariarenak; Samira Goddi Errenteriako Udaleko elkarbizitzarako eta lankidetzarako teknikariarenak, eta Alex Vadillo eta Elena Urzelai Gasteizko Udaleko Euskara Zerbitzukoak.