GASTEIZ. Aurten, koronabirusaren pandemia dela eta, azken urteetako Gabon garairik bereziena bizi behar izango dugu. Hala, egoera berrira moldatzeko ahaleginak egin behar izango dituzte erakundeek. Hori dela eta, Gasteizko Udalak ezagutarazi egin du Olentzero, Mari Domingi eta Errege Magoak Mendizorrotzeko kiroldegian elkartuko direla hiriko haurrekin. Horixe iragarri du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok gaur goizean, Eguberrietako kultur programazioa aurkezteko egindako prentsaurrekoan.

"Abenduaren 23an eta 24an "Hator, hator, Olentzero eta Mari Domingi' ikuskizuna izango da Mendizorrotzeko kiroldegian. Bi egun horietako bakoitzean, 30 minutuko 4 emanaldi egingo dira (400 pertsonarentzat bakoitza). Oso hitzordu bereziak izango dira; ez dira faltako musika, dantzak, abestiak eta ilusioa. Besteak beste, Folklore Akademiak eta Udalaren erraldoien konpartsak hartuko dute parte" adierazi du Cantok.

Sarrera doakoa da, baina aldez aurretik hitzordua eskatu behar da. Gonbitak abenduaren 17ko 9:00etatik aurrera eskuratu ahalko dira udalaren webgunean edo telefonoz (945 16 16 18, astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00etara).

Abenduaren 24ko azken emanaldia, 18:00etakoa, streaming bidez ikusi ahalko da zuzenean, udalaren webgunean, eta ikusgai izango da Eguberrietan herritar orok atsegin hartzerik izan dezan.

ERREGE MAGOAK

Errege Magoak ere iritsiko dira hiria magiaz betetzeko. Gaspar, Melchor eta Baltasarrek urtarrilaren 4an eta 5ean hartuko dituzte Gasteizko haurrak Mendizorrotzeko kiroldegian. "'Ya vienen los Reyes Magos' ikuskizuna 30 minutuko 6 emanalditan eskainiko da (400 pertsonarentzat bakoitza. Ez dira musika, ikusizko ustekabeak eta ilusioa faltako" adierazi du zinegotziak.

Sarrera doakoa da, baina aldez aurretik hitzordua eskatu behar da. Gonbitak abenduaren 28ko 9:00etatik aurrera eskuratu ahalko dira udalaren webgunean edo telefonoz (945 16 16 18, astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00etara).

Urtarrilaren 5eko 18:00etako saioa streaming bidez ikusi ahalko da zuzenean udalaren webgunean, eta ikusgai izango da hurrengo egunetan.

HAURRENTZAKO IKUSKIZUNEN ERAKUSTALDIA

Halaber, abenduaren 26tik 30era, haurrentzako ikuskizunen XVII. erakustaldia izango da Mendizorrotzean. Aurten handitu egin da programa, eta bost ikuskizunen 10 emanaldi izango dira.

Abenduaren 28an, haurrentzako 'El lago de los cisnes' opera eskainiko da, 12:00etan eta 18:30ean. Gaztelaniaz. Abenduaren 29an, berriz, 'Kantu loreak'. Zuzeneko musika, koreografia, umorea eta energia txiki eta helduentzat. 12:00etan eta 18:30ean.

Azkenik, abenduaren 30ean, 'Naviland, el musical. El lugar donde viven los Reyes Magos' programa izango da, 12:00etan eta 18:30ean. Gaztelaniaz

Sarrerek 5 euro balioko dute, eta abenduaren 9ko 9: 00etatik aurrera erosi ahal izango dira udalaren webgunearen bidez edo telefonoz (945 16 16 18, astelehenetik ostiralera 9:00etatik 14: 00etara).

NEURRI BEREZIAK MENDIZORROTZEKO KIROLDEGIAN

Protokolo berezia ezarri da Mendizorrotzeko kiroldegian egingo diren 3 proposamenetarako. covid-19aren ondoriozko edukiera-murrizketak kontuan hartuta, eta ahalik eta haur gehienek bertaratzeko aukera izan dezaten, haur bakoitzeko pertsona bakarra sartu ahalko da. Heldu bakoitzak, ahal den neurrian, haur bat baino gehiago eramatea gomendatzen du Kultura Zerbitzuak.

Pertsona bakoitzak gehienez bost sarrera erosi ahalko ditu, edo gehienez bost gonbidapen erreserbatu, eta emanaldi bakarrera joan ahalko da. Sarrerak edo gonbitak izendunak dira, ez daude zenbakituta, eta nahitaezkoa da aldean eramatea, adina edozein delarik ere. Eserlekuak banakakoak izango dira. Sarrerak ematean esleituko dira, eta ezingo dira aulkiak dauden lekutik mugitu.

ABESBATZEN KONTZERTUAK

Gasteizko Eguberrietako programan ohikoak izaten dira abesbatzak, eta aurtengoan ere izango dira, baina beste modu batera antolatuta osasun-krisia dela eta. Gizarte etxeetako ekitaldi-aretoetan egingo dira, abenduaren 19tik urtarrilaren 3ra bitartean. Hauxe da programa:

  • Nurat: abenduaren 19an, Aldabeko gizarte etxean
  • Urkanta: abenduaren 20an, Salburuko gizarte etxean
  • Urkanta: abenduaren 21ean, Ariznabarreko gizarte etxean
  • Mairu: abenduaren 22an, Salburuko gizarte etxean
  • Tantak: abenduaren 23an, Zabalganeko gizarte etxean
  • Samaniego: abenduaren 26an, Arriagako gizarte etxean
  • Mairu: abenduaren 30ean, Araneko gizarte etxean
  • Ausartak: urtarrilaren 3an, Arriagako gizarte etxean

8 kontzertuak 19:00etan hasiko dira, eta gonbitak abenduaren 5etik aurrera erreserbatu ahalko dira, gizarte etxeetan edo udalaren webgunean.

JAIOTZA MONUMENTALA

Floridako jaiotza monumentala abenduaren 4an inauguratuko da, 16:00etan, eta urtarrilaren 6ra arte bisitatu ahalko da, 10:00etatik 21:00etara. Segurtasun-neurriak gordetzeko, jaiotzaren barruko bideek noranzko bakarra eta nahitaezkoa izango dute, jendea gurutzatzea ekiditeko.

Misterioaren kokalekua izango da aurtengo beste berrikuntzetako bat. Ezingo denez haitzuloaren barruko aldea erabili, haitzuloaren sarreraren kanpoko aldean jarriko dira Ama Birjinaren, San Joseren eta Jesus haurraren irudiak.

OLENTZERO ETA MARI DOMINGIREN ETXEA

Olentzero eta Mari Domingiren etxea ere beste leku batean jarriko da aurten, Zulueta jauregiaren lorategian hain zuzen ere, jendearentzako espazioa zabalagoa izateko. Senda ibilbidetik izango du sarrera, eta irteera, berriz, Musikaren ibilbidetik. Horrela, nahitaezko noranzkoa duen ibilbide bakarra egongo da.

Olentzero, Mari Domingi eta Astotxoren irudiek 10:00etatik 21:00etara hartuko dituzte hiriko haur guztiak. Abenduaren 4an, 16:00etan, inauguratuko da, eta urtarrilaren 6ra arte egongo da zabalik.