BILBO. Euskal Herriko Unibertsitateak bat egingo du Europako Triankle proiektuarekin. Ekimen honen bidez, 3Dko inplante pertsonalizatuak egingo ditu orkatilako lesio artikularrak lehengoratzeko.

Triankleri esker, tendoi edo kartilago lesionatuetarako inplante pertsonalizatuak sortu ahal izango dira. Mota horretako lesioak osatzeko denbora % 50 arte murriztea eta funtzionaltasun ratioak % 10-15 arte handitzea da helburu nagusia. Partzuergoa Europako bost herrialdetako hamabi kidek osatzen dute, eta EBren 5,9 milioi euroko dirulaguntza dauka. Europan biomedikuntza sektorearen lehiakortasuna sustatzea du xede proiektuak.

Astelehenean, Triankle proiektua martxan jarriko duen 952981 zenbakidun dirulaguntza hitzarmena sinatu da, Europako Batzordeak finantzatua (Horizon 2020 Programa).

Triankle partzuergoak, Europako 12 erakundez osatuak, 3Dn bioinprimatutako mintz pertsonalizatuak garatuko ditu, orkatilako artikulazioetako ehunak birsortzeko. Medikuntza birsortzailearen arloko ikerketa proiektu handinahi honek 5,9 milioi euroko aurrekontu globala dauka eta 4 urtez garatuko da, 2021eko urtarriletik aurrera. Partzuergoaren helburua tendinopatiak dituzten pazienteentzat -adibidez, Akilesen tendoiaren haustura partzialak eta kartilagoko lesioak- inplante pertsonalizatu berritzaileak sortzea da. Inplante horiek kolagenoz eta gelatinaz egingo dira, 3D teknologia erabiliz.

OSASUN ARAZO ARRUNTA ETA GARESTIA

Tendinopatiak eta osteoartritisa (OA) izugarri ohikoak dira, bereziki, adinekoen, emakumeen eta kirolari profesionalen artean. Bi gaitzek bizi kalitatean ez ezik, mundu osoko ekonomietako osasun sistemetan ere eragin esanguratsua daukate (OA deiturikoek EBn 76.500 milioi euroko gastua eragiten dute urtero; tendinopatiek, berriz, 140.000 milioi euro baino gehiagoko gastu estimatua eragiten dute).

Proiektuaren helburua gaur egun tratamendu eraginkorren gabeziak sortzen duen hutsune kritikoa betetzea da. Existitzen diren alternatiba kirurgiko edo ez-kirurgiko bakar batek ere ez die epe luzerako irtenbide egokirik eman pazienteei eta, askotan, tratatutako ehunek ez dituzte indarra eta funtzionalitatea erabat berreskuratzen. Testuinguru horretan, Triankleren helburuak osatzeko denbora % 50 arte murriztea eta, era berean, lesionatutako ehunaren funtzionaltasun ratioak % 10-15 handitzea izango dira.

IKERKETA AURRERATUA ETA BALIZKO MERKATUAN INPATKUA

Triankle partzuergoa espektro osoa -ikerketa aurreratutik hasita merkaturaino- estaltzen duten 12 erakundez osatutako talde bat da. Bere indar nagusia bi mota hauetako kideak bateratzea da: alde batetik, aplikazio birsortzaileetarako biomaterialak eta 3D bioinprimaketarako teknologia garatzeko gaitasun eta esperientzia handia dituzten kideak; eta, bestetik, bai osasun profesionalen, bai balizko pazienteen artean emaitzak zabaltzen jarduten duten kideak. Triankle osatzen duten dozena bat kideak bost herrialdetakoak dira (Alemania, Espainia, Suedia, Herbehereak eta Erresuma Batua). Esparru hauetako kideak daude: industriako bat (Naturin Viscofan GmbH), hiru ETE (CELLINK AB, Cambridge Nanomaterials Technology eta Gradocell SL), bi ikergune (Institute for Interfacial Engineering and Biotechnology, IGB eta Acondicionamiento Tarrasense Associacion), hiru unibertsitate (Stuttgarteko Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea eta Eindhoveneko Unibertsitate Teknologikoa), irabazi asmorik gabeko bi erakunde (Bartzelona Futbol Taldearen Barça Innovation Hub eta Osteoartritisaren Nazioarteko Fundazioa, OAFI) eta osasun erakunde bat (Fundació Clínic per a la Recerca Biomèdica). Proiektuaren koordinatzailea Naturin Viscofan GmbH da.

Trianklek 3D inprimaketa teknologiak medikuntzako aplikazio birsortzaileetarako duen potentziala sustatzen lagunduko du, eta 3Dn inprimatutako irtenbide birsortzaile pertsonalizatuak merkaturatzea ahalbidetuko du. Gainera, plataforma teknologiko bat abiatzean datza Triankleren berrikuntza potentziala; zehazki, epe luzera hainbat artikulaziotako ehunak birsortzeko etorkizuneko terapiak garatzeko aukera emango duen plataforma bat.