Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat

Online egin behar izan dira orientaTU jardunaldiak

10.11.2020 | 18:05
Online formatuan egin behar izan dira jardunaldiak koronabirusa dela eta.

BILBO. Koronabirusaren pandemiak urtero ospatzen diren orientaTU jardunaldiak online egitera behartu egin du aurten. Egoera berezi hau dela eta, oraingo honetan jakintza-arlo bakoitzeko saio bakarra egin ahal izan da.

OrientaTU jardunaldiak Bigarren Hezkuntzako orientatzaileei zuzenduta daude. Bertan, orientatzaileek Bigarren Hezkuntzako ikasleak orientatzeko informazioa jasotzen dute zuzen zuzenean Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) irakasleengandik. 

OrientaTU2020an UPV/EHUko campus guztietako irakasleak parte hartu dute unibertsitatean eskaintzen diren graduko ikasketen ezaugarri nagusiak emateko, titulazioen sarrerako profilak, mugikortasun-programak edota irteera profesionalak barne. Horrez gain. informazioa non bilatu ere erakusten zaie orientatzaileei. Eta hori guztia UPV/EHUko orientazio-teknikarien laguntzaz.

Jakintza-arlo bakoitzeko saio bana antolatu da urriaren 27tik azaroaren 5era, bai euskaraz bai gazteleraz, eta guztira 180 orientatzaile desberdinek eman dute izena, 155 ikastetxe desberdinetatik.

BILAKAERA

2018an orientaTU ekimenari hasiera eman zitzaion. Une hartan campus bakoitzeko irakasle-taldeak, jakintza-arloka antolatuta, orientatzaileekin aritu ziren egun batez talde dinamiken bitartez. "Bertan, orientatzaileen kezkak jasotzeko aukera izan genuen, eta, ondoren, Berritzeguneetako orientazio-arduradunekin batera adostu genuen hurrengo edizioetarako eskema. 2019an, jakintza-arlo bakoitzeko, hiru campusetako UPV/EHUko irakasleen artean hitzaldi komuna adostu zen probintzia bakoitzeko orientatzaileei mezu komuna emateko asmoz", azaldu du Montse Maritxalar Ikasleentzako Argibide Zerbitzuko zuzendariak.

"Orientazioaren ikuspuntutik, interesgarria da azpimarratzea, orientaTU ekimenari esker, UPV/EHUko ikastegi guztietako 34 irakaslez osatutako taldea multidiziplinarra osatu dugula hiru urte hauetan, bertan ikastegietako zuzendaritza-taldeetako kide askok ere barne. Gainera, aurtengo edizioaren online formatuak aukera eman digu ikastegi guztietako zuzendaritza-taldekoen presentzia bermatzeko; era horretan, zalantza espezifikoagoak argitzeko aukera emanez orientatzaileei", jakinarazi du.