Hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabilera bultzatzeko asmoz, Euskaraldia ospatuko da berriro. Azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da bigarren edizio hau, eta herritarren izen-ematea sustatzeko, datozen asteetan hainbat hitzaldi, kultur ekitaldi eta auzo-ekimen antolatuko dira hirian Bilbon euskaraz blaitu lelopean.

Atzoko prentsaurrekoan Bilboko Euskaraldiaren antolaketan ari diren hainbat eragilek aurtengo edizioko berriak aurkeztu zituzten. Eli Carrascosa eta Iker Martinez de Lagosekin batera, Bilboko Udaleko Euskara zinegotzia Koldo Narbaiza, eta Irala eta Errekalde auzo batzordeetako ordezkari diren Alex Barandiaran, Amaia Andonegi eta Garazi Lopez Bengoetxeak parte hartu zuten. Bertan, jakinarazi zuten gutxienez euskaraz ulertzeko gaitasuna duten 16 urte baino gehiagoko bilbotarrek Euskaraldian irauten duen bitartean, ahobizi edo belarriprest rolak aukeratu dezaketeela. “Bi rolak ez daude euskaraz aritzeko gaitasunari lotuta, baizik eta bakoitzak Euskaraldian zehar hartuko duen jokaerari”, aipatu zuen Lopezek.

2018ko lehen edizioan bezala, Bilboko txoko guztietara heltzea da batzordekideen helburua eta norabide horretan ari dira lanean susta-tzaileak. Hori dela eta, Bilbon euskaraz blaitu lelopeko hiru hitzorduren informazioa ere aurreratu zuten: urriaren 31an egingo den Bilbon euskaraz blaitu ekitaldia, urriaren 15ean Deustuko Hizkuntza Eskolako aretoan Kike Amonarrizek eskainiko duen hitzaldia eta azaroaren 5ean Pello Jauregik Arrupe etxean egingo duen hitzaldia. Hurrengo asteetan ekimenaren gaineko informazioa eta gainontzeko hitzorduen berri Bilboko Euskaraldiak dituen sare sozialen bidez zabalduko da.

Halaber, izena emateko lau bide daudela ere aipatu zen: euskaraldia.eus webgunea, orain dela gutxi sortu duten sakelako aplikazioa, auzoz-auzoz antolatuta dauden ba-tzordeen bidez eta azkenik, berriki ireki duten Alde Zaharreko informazio puntu berria. Somera kaleko zortzigarren zenbakian dago eta bertan Euskaraldiko materiala lor daiteke, ekimenaren inguruko informazioa jaso edo zalantzak argitzera joan izango dira bilbotarrak.

Aurtengo berritasunekin jarraituz, aipatzekoa da beren hizkuntza-ohiturak taldeka aldatzeko aukera izango duten erakundeen presentzia. Horretarako, Euskaraldian garran-tzi berezia hartuko duen kontzeptu berri bat sortu da: arigunea. Euskara erabiltzeko ingurune egoki gisa eratutako espazioak dira, eta leku horietan taldean garatu ahal izango da ariketa soziala.

Izena emateko epea oraindik irekita dago eta aurten ahobizi eta belarriprest gehiago izateko, hurrengo asteetarako antolatu diren ekimenetara joatea animatu zuten atzoko agerraldian Udaletxekoek eta Euskaraldian lan egiten duten guztiek.