BILBO. Joan den ostegunean, uztailak 1, adineko pertsonen nazioarteko eguna ospatu zen, sarritan ahaztua izaten den kolektiboa. Bada, Euskal Herriko Unibertsitateak urteak darama adineko pertsonen ongizaterako ikerketak egiten 'Zahartze Aktiborako Euskal Estrategia 2015-2020' delako planaren barruan. Guztira, 70 ikerketa proiektu baino gehiago landu dira epe horretan, zazpi ikerketa taldetan banatuta.

Ikerketaren arloko errektoreordeak, José Luis Martín jaunak, azaldu duenez, "horixe da UPV/EHUk Osasunerako Mundu Erakundeak zahartze osasungarri eta aktiboaren alde egindako proposamenekin hartutako konpromisoaren emaitza, Euskadin Eusko Jaurlaritzak koordinatua".

Bost urte hauetan, UPV/EHUko 80 ikertzailek baino gehiagok egin dute lan hainbat ikerketa lorrotan, eta horien ondorio izan dira, 70 ikerketa proiektu horiez gain, nazioarteko ospe handiko aldizkarietan argitaratu diren 150 artikulu zientifiko, adineko pertsonen egunerokotasuna hobetuko duten patenteak, produktuak eta errehabilitazio teknikak.

Martinek azpimarratu du diziplina askotako taldeak ari direla lanean ikerketa arloetan. Ildo horretan, "askotariko profil zientifikoak" azpimarratu ditu, hala nola, "osasuna, jarduera eta kirola, ingeniaritza, matematika, ekonomia eta enpresa, soziologia eta informatika" eta, era berean, adieraz du "arlo horietatik guztietatik herritarrei gero eta gehiago interesatzen zaien eta gero eta sektore zabalagoari eragiten dion gai bati heldu diotela".

ERAKUNDEEN ARTEKO LANKIDETZA

UPV/EHUko ikerketa talde horiek lan ildo oso desberdinak lantzen dituzte beren proiektuetan; hala ere, nabarmentzekoak dira osasunaren arloko ikerketak, hala nola, ardatz dutenak gaixotasun neurologikoak, hobekuntza kognitiboa edo gaitasun motorraren eta egoera psikologikoen prebentzio eta mantentzea; bestalde, arazoak zientzia teknologikoaren ikuspegitik lantzen dituzten lanak daude, eta talde horiek pertsona nagusien edo beste batzuen bizitza errazten duten produktuak garatzen dituzte Big Data oinarri hartuta biztanleriaren bilakaerari eta zahartze aktiboari buruzko proiekzioak eginez.

Gehienak Eusko Jaurlaritzaren kalifikazio goreneko talde finkatuen artean daude, eta haien proposamen zientifikoak naziokoak zein nazioartekoak dira. Horietako asko, bestalde, Estatuko eta nazioarteko hainbat unibertsitaterekin eta zientziaren arloko enpresa eta erakunderekin aritzen dira lankidetzan, eta lankide dituzte, besteak beste, Tecnalia, BERC Achucarro Basque Center for Neuroscience, Gerontology Research Center, Carlos III.a Osasun Institutua, Biocruces Bizkaia OII, Biodonostia OII eta Osakidetza.