BILBO. Euskal Herriko Unibertsitateak deialdia ireki du Euskal Autonomia Erkidegoko lehen eta bigarren hezkuntzako ikastetxeek doako material optikoko ekipoak eskura ditzaten. EHAAn argitaratu da Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen material optikoaren esleipendunak aukeratzeko baldintzen orria.

Lupa estereomikroskopikoak dira, eta laborategian landareak eta ornogabeak behatzeko balio dute; mikroskopioak, berriz, zelulak eta ehunak behatzeko erabil daitezke. Beraz, nahiz eta ekipo horiek zaharkituta geratu diren unibertsitateko ikerketarako, interesgarriak izan daitezke lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleek praktikak egin ditzaten.

Prozeduran parte har dezakete legez eratutako lehen eta bigarren hezkuntzako ikastetxe guztiek, baldin eta kontratatzeko gaitasuna badute, bat etorrita Kode Zibilak mota guztietako kontratuetarako eta, bereziki, dohaintzak jasotzeko gaitasun orokorrari buruz ematen dituen arauekin, eta egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan badute.

Prozedura hori UPV/EHUk bere helburuen artean duen konpromiso sozial eta jasangarrirako politikaren barruan sartzen da eta, horrela, azken urteetan, Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte sareko irabazi asmorik gabeko erakundeei ekipo informatikoak eta ikus-entzunezkoak (mahaiko ordenagailuak, eramangarriak, inprimagailuak eta bideo proiektagailuak) doan emateko beste lau prozedura egon dira

Prozeduran parte hartu nahi duten erakundeek eskaera bidali behar dute Euskal Herriko Unibertsitateko Ondare eta Kontratazioko Gerenteordetzara (Ondarea Zerbitzua), deialdian zehazten diren dokumentuak atxikita.

Eskaerak aurkezteko epea 2020ko urriaren 20an amaituko da.

Deialdi honetako ekipoak (6 lupa binokular, 4 argitzaile eta 5 mikroskopio) Bizkaiko Campuseko Zientzia eta Teknologia Fakultatean daude (Sarriena auzoa, z/g - Leioa), eta esleipendunek bertan jaso beharko dituzte, jakinarazpena hartu ondoren.