BILBO. Hurrengo asteartean, hilak 15, Donostiako Gabonetako Azokan postua jartzeko eskaera egiteko epea itxiko da. Donostia Sustapenak antolatutako ekimen honen aurtengo edizioan 38 etxoka eta 4 "food truck" jarriko dira, Frantzia pasalekuan eta Urumea plazan, Santa Katalina eta Maria Kristina zubien artean.

Gabonetako Azokako erakustokietako bat lortzeko, telematikoki aurkeztu behar da eskaera, Gabonetako Azokaren webgunearen bidez edo Donostia Sustapenaren webgunearen bidez. 2020ko irailaren 15en 19:00ean amaituko da epea.

Beste behin ere, Donostia Sustapenak Donostiako Gabonetako Azoka jarriko du martxan; aurtengoan, helburu bikoitza izango duelarik: Donostiako merkataritza eta ostalaritzari ekonomikoki suspertzen laguntzea eta herritarren artean ilusioa sortzen laguntzea.

Testuinguru horretan, Donostia Sustapenak ahalegina egin nahi du Gabonetako Azoka sustatzeko, eta, hala, pandemiak gehien zigortutako sektoreetako batzuei negozio-aukera bat emateko. Horrez gainera, Donostia Sustapena lanean ari da hiria sustatzeko, bisitariak erakartzeko eta bertako ekonomia aktibatzeko gai izango diren proiektu berritzaileak biltzen dituen agenda bat osatzen.

Gabonetako Azokan, era honetako produktuak saltzen dira:

  • Gabonetako produktu gastronomikoak, gozokiak, gozogintzako produktuak, gastronomia, aukerako kontserbak, fruitu lehorrak eta bestelako elikagaiak.
  • Opariak, apaingarriak, lorezaintzako produktuak, "brocante", bitxiak, zeramika, moda eta pintura.
  • Gabonetako apaingarriak, jaiotzak eta horien osagaiak, gabonetako loreak, zurezko jostailuak, etab.

Ekonomiaren Sustapeneko Enrique Ramos zinegotziak adierazi zuenez, "garai zail hauetan, Ekonomiaren Sustapeneko udal-arloak helburu bikoitza ezarri du: hiriko ekonomia berraktibatzea eta herritarrak animatzea, hainbat ekimenen bidez. Gabonetako Azokan, tokiko merkataritzari eta ostalaritzari ?Covid-19aren krisiak gehien erasandako sektoreetako aukera berriak ematen dizkiogu bere produktuak merkaturatzeko, eta bizipoza transmititzen duen gabon-giroa lortzen dugu. Donostia sustatzea, bisitariak erakartzea eta bertako ekonomia aktibatzea da helburua, beti ere, kutsatzeak ekiditeko beharrezkoak diren neurriak hartuz".