GASTEIZ. Gasteizko Jabetze Feministarako Eskolak bere hamargarren urteurrena ospatuko du aurten. Hori dela eta, 77 jarduera egingo dira, eta gaur bertan, hilak 7, irekiko da ekintza horietan parte hartzeko izena emateko epea.

Estatuan urratsak eman zituen lehen eskola feministetako bat da Jabetze Feministarako Eskola, eta hamar urte beteko ditu aurten, programazio sendoarekin, "desberdintasunetan arreta jartzen jarraitzeko akuilu, bereziki azken garaiotan, baita zenbait foro publikotan ere, erdi ezkutuan zenbaitetan, bortizki beste batzuetan, emakumeen eta LGTBI pertsonen eskubideen inguruan zalantzak erakutsi dituenik agertu den honetan. Hamar urte hauetan, Berdintasun Zerbitzuak ez du bakarrik egin bidea. Aldean izan ditu kolektibo feministek eta LGTBI-kolektiboak, emakume-elkarteak eta elkarte mistoek, eta hainbat gobernu-talde, zeinek proiektu horren iraunkortasuna bermatu baitute, ikuspegi feministatik", azaldu dute Miren Fernández de Landa Berdintasun zinegotziak eta Mireia Espiau zerbitzuburuak, ikasturte berriko programazioaren aurkezpenean.

Hamar urte horietan, eskolak bilakaera handia izan du, 2011ko azaroan emakumeei zuzendutako ikastaro eta lantegietatik hasi —gizartean eragina izan zezaten— eta jardueren agenda oso bat edukitzeraino, zein ikuspegia zabaltzen joan baita errealitate gehiagotara. Duela bi urte #FeminismoMola eskola txikia ireki zen, eta hirian Emakumeen Etxea sortzen lagundu, aurrerapen nagusi gisa, besteak beste.

Gaur ireki du Gasteizko Jabetze Feministarako Eskolak izena emateko epea, irailetik maiatzera arteko programazioko 77 jardueretarako. Bi nobedade izango dira ikasturte honetan: feminismo dekolonialari buruzko Herri Handi hitzaldi-zikloa —mundu osoko ekintzaileek emango dituzte hitzaldiak—, eta feminismoari buruzko ikerketa-lanen lehiaketa, Euskal Herriko Unibertsitateko Gizon eta Emakumeen Berdintasunaren Masterrarekin —berdintasun-agenteak— elkarlanean.

Planetako beste latitude batzuetan sortutako diskurtso eta praktikak ekarriko ditu Gasteizera hitzaldi-zikloak. 'Herri txiki, infernu handi' esaeran oinarrituta dago izenburua. Hori egia izan litekeelakoan, batez ere emakumeentzat eta sexu- eta genero-disidentzientzat, askatasunak aldarrikatzeko orduan 'herri handiaren' elkartasuna martxan jartzeko gonbita egingo dute hainbat hizlarik.

Bestalde, "gure eskolan ezagutza eta ikerketa feminista sustatzeko eta, horrela, udalerrian ahalduntze feminista lortzen laguntzeko helburuarekin jarri da abian ikerketa-lehiaketa. Aurkezten dituenarentzat interesgarri diren gaien ingurukoak izango dira ikerketa-proiektuak, eta ahalduntze feministaren esperientziak aztertu beharko dira, edota emakumeen eta LGTBI pertsonen eskubideen aldeko eraldaketa sozialari ekarpenak nola egin", azaldu du zinegotziak. Eskolaren webgunean daude eskuragarri lehiaketaren oinarriak.

Lehen lauhilekoan, jarduerak online izango dira, Covid-19aren komunitate-transmisioari aurre egitea helburu.